Festa girotik badu biharko deialdiak, baina, batik bat, aldarrikapenekoa.
Bai. Egunaren muina aldarrikapenean dago. Azkenaldian badihardugu behin eta berriz aldarrikatzen euskal preso politikoek jasaten duten espetxe politika anker horren aldaketa eta horren barruan muturreko egoera nagusiak deitzen ditugun horiek jada konpondu beharreko gakoak direla uste dugu; hala nola zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoak askatzea, larri daudenak ere askatzea eta euskal preso guztiak euren eskubide guztiekin Euskal Herrian egotea. Esaterako, Arrasaten ditugun 11 presoetatik, bat bera ere ez dago Euskal Herrian –Debagoieneko bat bera ere ez–; gaixo larri bat daukagu, Josu Uribetxeberria; eta hiru laurdenak beteta zortzi preso daude. Azkenaldian mezu hori zabaltzen ari gara eta biharkoa antolatzeko arrazoi nagusia hori da.
Legeak berak esanda egon beharko lukete kalean, gainera.
Bai. Lehenik eta behin, larri dauden presoak ditugu. Bestetik, Auzitegi Konstituzionalak legeztatu berri duen doktrina dela eta, zigorra beteta izan arren espetxean mantentzen dituztenak daude, Unai Parot eta Luis Mari Azkargorta kasu. Bestalde, zigorraren hiru laurdenak beteta espetxean mantentzen dituztenak ere badaude, 25 urtetik gorako espetxealdiekin batzuk. Horiek guztiek Espainiako legearen arabera kalean egon beharko lukete. Zergatik ez dute euren legea betetzen? Zein arrazoi egon daiteke minbizia duen preso bat espetxean mantentzeko? Erantzuna argia da, gure ustez, presoak interes politikoetarako erabiltzen dituzte eta giza eskubideei ezin zaie muga politikorik jarri.
Plazak bete nahi dituzue kartzelak husteko.
Bai. Espetxe politika diseinatzen duten politikariak mugitzeko. Eskubide urraketa hauek guztiak eteteko. Hala, espetxeak pausoz pauso hustu beharko direla uste dugu. Lehenengo, larri dauden presoak, zigorra beteta izan arren espetxean daudenak eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoak askatzea lortu behar dugu. Hau da urgenteena giza eskubideen ikuspegitik. Baita preso politiko guztiak Euskal Herriratzea ere. Euskal Herriko gero eta eragile gehiagok ez ezik, euren legeak ere hala esaten duelako.
Lehen urratsa hori. Hurrengoa?
Gatazka konpontzen doan neurrian eta elkarrizketak abiatzen diren neurrian, munduko herri askotan gertatu den moduan, espetxeak husten joan beharko dira; beteta egotea ez dator-eta bat konponbide prozesu batekin.
Herrira mugimenduak hasi berri du ibilbidea. Ze egoeratan dago?
Mugimendua indartzen dihardugu, poliki-poliki bagoaz aurrera. Baina beti dago lekua presoen eskubideen alde lan egin nahi duten guztiendako, ideologia politikotik harago. Azken batean, hori da batzen gaituena: presoen eskubideen defentsa. Hala, dei egin nahi nieke lan horretan jardun nahi duten guztiei, eskuak zabalik hartuko ditugu-eta.
Eta deia ere bai, biharko, plazak betetzeko.
Hori da. Euskal Herrian 200 plazatan egongo dira ekimenak. Bilbon urtarrilaren 7an egindako manifestazio kolosalaren ostean, mobilizazioak deszentralizatu eta herriz herri garatzeko apustua egin da. Debagoieneko zenbait herritan ere antolatu dira ekintzak biharko, Arrasaten, Bergaran, Aramaion, Oñatin eta Aretxabaletan, kasu. Urtarrilean Bilbora debagoiendar asko joan ginen, baina presoen egoera ez da hobetu, eta Bilbora joan ginenean baino arrazoi gehiago dago kalera irteteko. Horrenbestez, herritarrak animatu nahi nituzke bihar bailarako plazak betetzera.