Hala ere, obra horiek momentuz ez dute datarik. 2.515.000 euroko aurrekontua dute, eta Udalak ez du aurreikusten "epe motz-ertainean gauzatu ahal izatea", egoera ekonomiko kaskarraren ondorioz.
Biribilgunea, urbanoarendako
Kontuak kontu, Udalaren helburua da, ahal bezain laster, inguru hura guztia berritzea, Arrasaten San Josepe-San Andres kale inguruak dira-eta berrikuntza obrarik izan ez duten bakarrak. Horren ondorioz, kalea herriarekiko "aparte moduan" sentitzen da, eta, adibidez, ume karroarekin-edo zailtasunak izanez gero, kosta egiten da bertara iristea. Hori horrela, zera egin gura dute: espaloiak egin edo zabaldu, ur eta argi sareak lurperatu (Telefonicako hariak, argiteria publikoarenak airetik doaz), eta irisgarritasuna bermatu.
Xehetasunetan sartuta, espaloiari dagokionez, aldapatik beherako zatian eraiki egingo dute. Gaur egun ez dago, eta Udalak gura duena da Etxaluzeren atzetik San Josepe kaleraino espaloitik jarraitu ahal izatea. Irisgarritasunari dagokionez, berriz, autobus urbanoa San Joseperaino iritsi ahal izateko aukera eman gura du Udalak. Horretarako, biribilgunea eraikiko dute, auzora doan aldapa bukatzen den tokian bertan. "Gaur egun autobusa ezin da hara joan, ezin dezakeelako bueltarik eman. Ibilgailuek etxeen aurreko zabalgunean ematen dute buelta, baina autobusa ez da kabitzen. Biribilguneari esker, lehenago buelta eman ahal izango luke", azaldu dute Obra Sailetik.
San Josepe-San Andres lotura
Horrez gain, San Josepeko obrekin batera, azpiko aldetik pasatzen den San Andres kalean obra batzuk egiteko ere aprobetxatuko du Udalak. Besteak beste, San Josepe eta San Andres lotzeko oinezkoendako arrapala eraikitzeko asmoa dute, eta San Andres kaleko zoladura, azpiegiturak eta harri lubetak berritu egin gura dituzte.
Zirkulazio aldaketak San Isidro zubia bota ahal izatekoAxeriko zubia (San Isidro) bota egin behar du Jaurlaritzak. Egindako ikerketaren arabera, ur handiak etorriz gero, traba larregi pilatzen da zubipean eta uholde arriskua eragiten du. Bada, zubia bota ahal izateko, Musakolako sarrera itxi egin beharko dute ibilgailuendako. Industrialdetik, Osinaldetik bideratuko dute zirkulazioa. Udaletik jakinarazitakoaren arabera, hil amaieran hasiko dituzte obrak. Edozelan ere, "ez dute berehala itxiko errepidea", obrak hasi eta gerora baizik.
|
