Elikadura jasangarriaren bidean jartzeko hainbat proposamen egin dituzte ikasleek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko maiatzaren 17a

Urteroko ohiturari jarraituz, Arizmendi ikastolako, Arrasateko Institutuko eta Arrasate Herri Eskolako ikasleek hainbat proposamen egin dizkiote Udalari eskoletan gauzatzen den agenda 21 proiektuaren harira. Ikasturte honetan elikadura jasangarria landu dute, alkateak berak zehaztu duenez, "oso gai garrantzitsua". Udala auzoko Ingurumen Eskolak eta Legazpiko Inguru Gelak eraman dute aurrera proiektua, aurrez aipatutako ikastetxeekin elkarlanean.

Aurten 2.133 ikaslek hartu dute parte proiektuan eta horietako batzuk egindako lanen gaineko argibideak eta atera dituzten ondorio zein konpromisoak jakinarazi dizkiete udal ordezkariei.

Azoka biziberritzea

Proposamenen artean, hainbat aipatu dituzte: "denda txikien" eguna urtero ospatzea, telazko poltsak banatzeko kanpaina berri bat abiaraztea, herriko berdegune batzuetan ortua jartzeko baimena ematea eta herriko azoka indartzea, besteak beste. Azken horren gainean Inazio Azkarragaurizar alkateak jakinarazi die egun 200 herritar baino gehiago dabiltzala lanean azoka biziberritzeko ekimenean.

Ikasleen ordezkari lanak honako ikasle hauek egin dituzte:

  • Maite Bilbao (Arizmendi)
  • Mikel Aznarez (Herri Eskola)
  • Lierni Sarraoa (Arizmendi)
  • Eneko Karraskal (Institutua)
  • Valentina Ramirez (Arizmendi)
  • Haizea Uzarraga (Arizmendi)
  • Maria Gerrikabeitia (Arizmendi)
  • Martzel Vicario (Herri Eskola)
  • Andoni Valor (Herri Eskola)
  • Iker Uribesalgo (Institutua)
  • Paula Barrionuevo (Arizmendi)
  • Ander Garai (Arizmendi)
  • Irati Lasa (Arizmendi)
  • Maite Bilbao (Arizmendi)
  • Ane Fernandez (Institutua)
  • Malen Arana (Herri Eskola)
  • Ioritz Astaburuaga (Arizmendi)
  • Ibai Nuñez (Herri Eskola)
  • Nerea Uriarte (Institutua)
  • Ainara Sarria (Arizmendi)
  • Beñat Gamito (Arizmendi)

Udal ordezkarien esker on hitzak

Aurkeztutako gaiaren harira honakoa adierazi du alkateak: "Gaur garrantzia handiko gai bat ekarri diguzue, etorkizun osasuntsuagoa izateko ezinbestean jorratu beharrekoa: elikadura jasangarria. Jakin badakit urte osoan zehar gogotsu aritu zaretela gaia aztertzen eta guztiei eskertu nahi dizuet egin duzuen ahalegina".

EAJko Juan Karlos Garitano eta Maria Ubarretxenak nabarmendu dute ikasleek egindako "lan handia": "Elikadura klabea da osasunerako eta ezin dugu ahaztu munduan zenbat jende hiltzen den gosez. Denbora asko hartu duzuela bistakoa da eta oso ondorio esanguratsuak atera dituzue. Eskerrik asko".

PSE-EEko bozeramaile Aritz Arrietak eskerrak emateaz gain, bat egin du erabat proiektu honen helburu orokorrarekin, "Arrasateko bizi kalitatea hobetzea", hain justu.

Aralarreko Joxe Etxeberriak, amaitzeko, eskerrak eman die esanez landu duten gaiak balio handia duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak