Energia zelan eskuratu, doan eta garbi

Ubane Madera 2012ko maiatzaren 20a

Poltsikoa eta ingurumena zaindu. Biak batera lor daitezke ortuetan egoten diren etxola txiki horietan. Lehena, enpresa elektrikoei dirurik ordaindu barik. Bigarrena, berriz, eguzkia eta haizea erabilita. Eta hori guztiori norberak eginda, gainera.

Etxola horren oinarrizko elementuak eguzki plaka fotovoltaikoak dira. "Horiek egiten dutena da eguzki energia hartu eta energia elektriko transformatu. Gero, beste osagai batzuen bitartez (bateriak, besteak beste) energia hori etxolara garraiatzen da, bertan kontsumitzeko", azaldu du Xabier Lizaurrek, Ekitermik kooperatibako (Arrasate, 2008) bazkide eta ingeniariak.  

Eta bai, errentagarria da

Orain arte, halakoen erabilera instalazio handietan ezagutu dugu. Lizaurrek, baina, hori maila txikiago edo familiar batera eroatea posible dela erakutsiko du modu praktikoan. 

Norberak egiteko aukera badago, beraz. Baina gurean, egiten duen eguraldia kontuan hartuta, errentagarria da? Lizaurrek dio baietz, eta datu esanguratsu bat eman du: "Alemanian Euskal Herrian baino eguzki ordu gutxiago dituzte, baina Europako plaka fotovoltaikoen %80 eurek kontsumitzen dituzte".

Hori guztia non ikusi eta ikasi

Arizmendi Ikastolan landuko dute hori guztiori Xabier Lizaurren eskutik, gaur, egubakoitza, bihar eta maiatzaren 26an . Finean, energia berriztagarriekin modu autonomoan funtzionatzen duen etxola baten muntaketa nola egin azalduko du.Hamar laguneko taldea osatuko dute, eta, bizkor ibiliz gero, oraindik posible da izena ematea; hortaz, interesa duenak lehenbailehen eman behar du izena. Egokiena da 943 77 20 25 telefono zenbakira deitzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak