Ospitale berria irekitzeko eguna gero eta gertuago dago. Hilabete eskas falta da ekainaren 18an instalakuntza berriak bete betean has daitezen lanean. Hori horrela, Debagoieneko Ospitaleak aukera eman nahi die herritarrei barrutik ikusi eta ezagutzeko, ospitalea martxan hasi baino egun batzuk lehenago.
Lehenak, barruko profesionalak
Lehenengoak instalakuntzak bisitatzen Debagoieneko Ospitaleko eta Lehen Mailako Arretako, hau da Debagoieneko ESIko profesionalak izango dira. Barruko langileentzako bisitak maiatzaren 21ean hasiko dira eta aste osoan zehar egingo dituzte.
Gero, erretiratu eta ikasleak
Hurrengo txanda ikasleentzat izango da eta beste aste bat izango dute eurentzako. Bailarako jubilatuak ere hurbilduko dira ospitale berrira hurrengo astean eta txandak banatuko dituzte osasun arloko hainbat erakunderekin, herri erakundeekin, enpresekin eta kazetariekin.
Gainerako herritarrak ekainaren 2an
Herritarrentzako ate irekien jardunaldia ekainaren 2an izango da eta bi txanda izango ditu, 10:30etan eta 12:00etan, eta txanda bakoitzean bi talde egongo dira 25 lagunekoa bakoitza. Hala, 100 pertsona sartu ahal izango dira instalakuntza berriak ikustera.
Parte hartu ahal izateko ospitaleak telefono bat jarri du herritarren eskura, 667 15 83 25, eta hor eman daiteke izena maiatzaren 21etik aurrera. Bisitaldietarako izena telefono horretan bakarrik eman daiteke eta zabalik egongo da 09:00etatik 15:00etara. Izena emateko ez da deitu behar ospitaleko zentralitara.
Ekainaren 8tik aurrera eta ospitalea zabaldu arte, itxi egingo dira berriz instalakuntzak guztiz amaitzeko, garbitzeko eta esterilizatzeko.