Zapatuan Iruñean garaipen oso garrantzitsua lortu zuen MU saskibaloi taldeak San Inazioren aurka. Partidu erabakiorra izan zen eta halaxe jokatu zuten arrasatearrek. Norgehiagoka berdintsu hasi zen, baina lehen laurdenaren bukaeran, 10 puntuko abantaila hartu zuen talde gipuzkoarrak. Zenbaitetan iruñearrek markagailua berdintzea lortu zuten arren, ez ziren inoiz aurretik jarri. Partiduko azken laurdenean, Mikel Arejola kapitainak (28 puntu) bere nagusitasuna erakutsi zuen, partidua erabakita utziz. Iruñean lortutako garaipenari esker, 56-68, MU saskibaloi taldeak Lehen Nazionalean jarraituko du datorren denboraldian.
Denboraldi bukaera
Denboraldiari amaiera emateko, datorren aste bukaeran, Biboko La Salleren aurka jokatuko dute, Iturripen. Mondragon Unibertsitatearentzat denboraldia erabakita dagoen arren, saskibaloi taldeak bere zaletuei azken garaipena eskaini nahi die. Izan ere, denboraldi osoan zehar zaletuengatik jasotako babesa eskertu nahi du nolabait saskibaloi taldeak.