"Hiltzen garenean guztiok gara onak, baina hori gizonori, pastela baino hobea zen, eta alaba berdin-berdina da. Sekula aurpegi seriorik ez, beti mesede egitekoak ziren. Eta beti eskerrak ematekoak ziren, dena ematekoak", hala deskribatu ditu Juli Pagaldai auzotarrak gaur agurtu dituzten Jose Inazio Uriarte, Milagros Arana eta ospitalean bere biziarengatik borrokan diharduen Izaskun Arana.
Dena ematekoak
Adibideak ere segitu-segituan etorri zaizkio burura: "Nire ahizpak medikuarengana joan behar zuen astelehenean, eta berak eraman zuen, Jose Inaziok. Eta, Izaskunek, berriz, urtero gordetzen zizkidan mailukiak, letxugak, piperrak… dena ematen zidan. Eman zizkidan, adibidez, pentsamendu haziak eta orain loreak irten zaizkit, hortxe dut oroitzapena", gaineratu du.
Samin handia
Uriarte-Aranaren zoritxarreko heriotzak auzoan "samin" handia eragin duela egiaztatu du Garatetxeko bizilagunak: " Horiek auzoan ez zuten inorekin haserrerik". Eta hori oso agerian geratu da Gesalibarrera bertaratu den jende kopuru altua ikusita, Arrasateko aurpegi ezagun asko tartean.
Izaskun Arana, egonkor
Bestalde, Izaskun Aranaren osasun egoerari dagokionez, "egonkor" dagoela aditzera eman digute, "ebakuntza egin diote, eta orain itxaron egin behar".