Astoak, Urrezko Astokiloak eta haien "lagun" ugari izan dira Musakolan

Ubane Madera 2012ko mai. 13a, 19:54

Halakoetan esaten ohi da: "Sekulako giroa zegoen!". Oraingoan baina, topikoa bete eta halakoxea izan dute Musakolako jaietan. Beste behin, agerikoa izan da Sanjuanen ostean Musakolakoak direla bertakoek eta ingurukoek gustukoen dituzten jaiak. Asteburukoak ia joanda, martitzenean dute hurrengo hitzordua, baserritarren zaindari den San Isidroren omenez. 

Edu Perez izendatu dute aurten Urrezko Astokilo: "Iaz Jai Komisiñuen jardun genuen gazteak omendu gintuzten. Edu falta zen, eta horrexegatik erabaki dugu aurten bera izendatzea Urrezko Astokilo", kontatu du Beñat Apraitz komisiñoko kideak. Zapatuan eman zioten hari horren adierazle den garaikurra. 

Asto gehiago ere ikusi dira, baina, asteburuan Musakolan. Benetakoak oraingoan, Bergarako Zezenak enpresak ekarritakoak. Lau ibili ziren San Antolin ikastetxearen patioan bueltaka, umeen gozamenerako.

Eta "astokilo" samarrak izan dira, baita ere, Musakolan egindako ekitaldietako batzuek utzitako datuak: 200 bat talo saldu zituzten Ekin Emakumeak elkartekoek egindakoak; 66 txorizo-korda eta 20 litro salda partitu zituzten Arrasate Herri Eskolakoek borondatearen truke. Eta 180 lagunek bete-bete egin zuten eliza ondoko karpa auzoko bazkarian. 

Bestalde, azkeneko lau urteotan desagertuta egon den motor-zaleen hitzordua zelanbait berreskuratu nahian, auzoko 20 bat elkartu, "makinak" dotore-dotore ipini eta Arrasate-Elorrio-Gernika-Lekeitio-Ondarroa-Deba-Arrasate buelta eman zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak