Atzoko danbateko, susto, zoritxar eta ondorengo zalaparata eta mugimenduaren ostean, gaur isiltasuna eta tristura dira nagusi Gesalibar auzoan. Badirudi eguraldi grisak ere bat egin duela auzotarren saminarekin. Aldape baserriaren hondarrak hantxe daude oraindik, aseguruak handik erretiratzeko zain.
Larri segitzen du
Eta auzotarren artean, berriz, kezka nagusia: zelan ote dago Izaskun. Izan ere, atzo azken orduan herrian zabaldu zen hura ere hil egin zela. Guk jakin izan dugunaren arabera, berriz, ez da horrela, eta Gurutzetako ospitalean segitzen du, hori bai, egoera larrian eta UVIan.