Gesalibarko Aldape baserriko bi bizilagun hil dira eta beste bat ospitalean da, gas leherketa baten ondorioz

Ubane Madera 2012ko maiatzaren 11

Hildakoak dira: Jose Inazio Uriarte, 65 urtekoa, eta beronen koinata, Milagros Arana, 57 urtekoa. Eta ospitalera eroan dutena, buruko traumatismoekin, Izaskun Arana, Jose Inazioren emaztea.

Ezbeharra atzo goizeko 03:30ean gertatu zen, Arrasateko Gesalibar auzoan. Baserriko sukaldean zegoen propano gas bonbona baten ihesak leherketa eragin du. Ondorioz, Adabe baserria erabat erautsita geratu zen, birrinduta. Eta azpian harrapatu zituen hiru bizilagunak. Leherketak eragin zuen burrunbak inguruko baserrietako bizilagunak esnarazi zituen, baina AHTko lanetako leherketa bat izango zelakoan ez zioten kasurik egin. Eguna argitu zuenean, ordea, ohartu ziren gertatutakoaz.

Erreskate lanak goizeko 07:10ak aldera hasi ziren eta 08:00etarako aurkitu zituzten senar emazteen gorputzak. Gizonezkoa hilda. Emakumezkoa bizirik. Larri, ospitalera eroan zuten. Zailagoa izan zitzaien Milagros Arana topatzea, hondakinen artetik. Halakoetarako bereziki hezitako txakurrak erabili zituzten, Elorriotik ekarrita. 11:00ak aldera aurkitu zuten Milagros Aranaren hilotza. Bi hildakoen gorpuak Donostiako Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman zituzten, autopsia egiteko.

Aldabe baserria duela 10 bat urte berritu zuten. Leherketaren eraginez, ez zen harri bat bera ere zutik geratu. Erabat erautsita. Bertakoak oso ezagunak dira auzoan.

Ertzaintzak ikerketa zabaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak