Europako pokerraren gailurrean

Peio Madrid 2012ko mai. 11a, 02:00

Joan den apirilaren 29an Andoni Larrabe arrasatearraren ametsa amaitu zen: European Poker Tourraren (EPT) azken partidarako klasifikatzea. Hamaikagarren postuan amaitu du, gainera, baina lehen zortziak dira finala jokatzeko pasea lortzen dutenak. Hala ere, oso lorpen garrantzitsua izan da Larraberentzat, ezagutzera eman eta 80.000 euroko saria lortu du-eta. 

Andonik intentsitatearekin bizi du pokerra, jokoaren inguruko liburuak etengabe irakurtzen ditu, eta egunero egiten du apustu Interneten. Izan ere, pokerra da bere lanbide eta diru iturri bakarra: "Nire bizitza erdia da".

Bat-bateko jokalaria  

Telebista ikusten maitemindu zen Larrabe pokerrarekin; iragarki batekin, hain zuzen ere. Orduan interesa piztu, eta Interneten fikziozko diruarekin jolasten hasi zen. Diru faltsuaren kontua azkar txiki geratu zitzaionez, baina, benetako diruarekin apustu egitea erabaki zuen. Bada, egun hartatik hona, hamalau hilabete pasatu dira, eta irabazi baino ez du egin.

2011n, Donostiako Deepstack Turbo txapelketan bigarren amaitu zuen eta orain, EPTn hamaikagarren postua lortu du. Partida birtualetan ere sekulako arrakasta izan du, 30.000 euro baino gehiago irabazi baititu. Larrabe jokalari adimentsua da, baina berak azpimarratzen duenez, "jolasa gogoko izatea da oinarrizkoena, adimena eta inteligentzia ondoren doaz. Hori bai, jokoan zorteak betetzen duen papera ez da inolaz ahaztu behar; azken baten, perfektua den inor ez da existitzen". 

Lorpenik handiena

Montecarloko txapelketa ez da beste poker txapelketen modukoa. Europako garrantzitsuena da hori, tourrari amaiera ematen diolako. Poker jokalari ohientzat, egutegian markatzeko gertaera horietako bat da, dudarik gabe, Munduko Txapelketari (WPT) soilik lehentasuna emanda. Montecarloko saria 1.300.000 euroko txekea izan da aurten, 25.000 eurotan baloratuta dagoen besoko batez gain.

Andoni Larrabek Interneti esker lortu zuen EPTrako pasea, sailkapen txapelketa baten bidez.Txapelketa horiek satelite izenarekin ezagutzen dira, eta, normalean, saria lehiaketa esanguratsuetarako sarrera izaten da.  60 jokalariko satelite-an pasea berak lortu, eta, ametsa izango balitz bezala, Montecarlora bidaia antolatu zuen. "Ez nuen nire gorputza han sentitzen, burmuina kartetan zentratzen zen, baina ni beste leku batean nengoen. Amets bat bizi izan dut han". Andonik berak aitortu duenez, 80.000 euro irabaztea baino gehiago, garaipenetik hain hurbil geratu izana da gehien hunkitu duena. Zorionak, Andoni, zure lorpen erraldoiagatik!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak