Urrats berrien artean hiru lan esparru zehaztu dituzte: Talde eragilearen osaketa, bateratze saioa eta azpi prozesuak.
Talde eragilea, motorra
Azoka biziberritzeko ekimenaren motorra izango da talde hori. Prozesuan parte hartzen duten eragile eta norbanakoetako batzuk izango dira partaideak. Helburuak dira parte hartze prozesuaren ikuspegi integrala bermatzea eta jarraipena egitea, eta azokarekin lotutako gai orokorren (besteak beste, finantziazio orokorra, bideragarritasuna, kudeaketa eredua, espazioa eta proiektu arkitektonikoa) lanketa eta kudeaketa izango direlarik. Argi utzi gura izan dute Bagara eta Udala bigarren plano batera pasatzea gura dutela, datozen egun eta asteetan osatuko den talde eragilea ekimenaren motorra izatera pasatzeko.
Bateratze saioa hilaren 16an
Bateratze saioa egingo dute maiatzaren 16an, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 18:30ean. Bertan, martxotik hona lau lan taldeetan jorratutako gaiak komunean ipiniko dira, diagnostiko eta aukerak ezagutzeko, eta baita horiek guztiak elkarren artean izan ditzaketen sinergia posibleak aztertzeko. Beste helburuetako bat da bigarren faseari hasiera ematea, orain arte landutako aukera eta hutsuneei erantzun eta proposamenak zehazten hasteko.
Haurren eta etorkinen garrantzia
Azoka biziberritzearen sustatzaileek haurren eta etorkinen garrantzia azpimarratu dute. Lehenengoa, Txatxilipurdi eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikasleekin batera, Arrasateko ikastetxeekin elkarlanean, azoken errealitatea haurrei ezagutarazteko eta hauen ikuspegia eta ekarpenak prozesuan txertatzea helburu izango dituen dinamika da. Maiatza eta ekainean zehar egitea aurreikusten da.
Bigarrena, etorkinei dagokiena, maiatzaren 11n hasiko da, “Munduko azoketatik berdura plazara” lelopean. Helburua izango da, bi saiotan zehar, etorkinen jatorrizko herrialdeetako azokak ezagutzea –Arrasateko azokaren hutsune eta indarguneak identifikatzeko asmoz– eta etorkinen beharrei erantzungo dien espazioa irudikatzea. Dinamika hori Ekin elkartearekin gauzatuko dute.