Konponbiderako preso eta iheslarien egoera konpontzea "ezinbestekoa" delako, dei berezia maiatzaren 19rako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko maiatzaren 9a

Maiatzaren 19rako Euskal Herriko 'Herrira' mugimenduak euskal presoen alde prestatu duen aldarrikapen egunaren barruan Arrasaten antolatu denaren berri emateko agerraldi berezia egin dute Arrasateko plazan. Alkatea eta egungo zenbait zinegotzi zein zinegotzi ohi izan dira agerraldian –20 bat guztira–, hainbat presoen senide eta herritarrekin batera, euskal presoen giza eskubideak errespetaraztea helburu duen ekimenarekin bat egiteko. Hala, hilaren 19rako egitarau zabala prestatu dute: "Arrasaten zazpi orduz plaza betetzera goaz, herriko eragileen parte hartzearekin", diote.

Prentsa agerraldian, Inazio Azkarragaurizar alkateak hartu du hitza: "Gatazka betiko konpondu eta haren ondorio guztiei irtenbidea emateko, ezinbestekoa da preso eta iheslarien egoera ere konpontzea", adierazi du, besteak beste.

Eta honakoa ere gaineratu du: "Urtarrilaren 7ko herri mobilizazio orokorra egin zenetik hona, alderdi politiko askok presoen auziarekiko jarrera berriak hartu dituzte. Hori guztia kontuan hartuz, begi bistakoa da egungo kartzela-politikak ez duela sostengu politiko eta sozialik". 

Hainbat eskaera egin ditu Azkarragaurizarrek, hala nola, zigorraren bi herenak zein hiru laurdenak dituzten presoak kaleratzea eta gaixotasun larriak dituztenak askatzea. Azken horien artean, aipamen berezia egin dio Iosu Uribetxeberria preso arrasatearrari.

Plaza, zazpi orduz beteta

Honakoa da egitaraua:

11:00: Herriko hainbat monitoreren eskutik umeentzako jolasak. Gaztetxekoen eskutik tailerrak.

12:00: Herri krosa, herriko hainbat kirolarik antolatuta. Lau kilometroko ibilbidea herrian barrena.

13:00: Konzentrazioa Herriko plazan

14:30: Herri bazkaria, herriko elkarte gastronomikoetako kideek prestatuta

16:00etatik aurrera: Herriko hainbat eragile kulturalen emanaldiak (bertso eskola, dantza taldeak, musikari eta bakarlariak, trikitilariak…)

 

Arrasate Euskal Presoen Egoera

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak