Arimazubi inguruan hasiko da Udala doako TAO sistema jartzen, proba moduan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko maiatzaren 7a

2012ko aurrekontuan 835.000 euro bideratu dira Hirigintza Sailera. Krisiak zerikusi zuzena izan du inbertsioetan: "Beharrezkoenak direnak egingo ditugu", dio Omer Arregi zinegotziak. Horien artean aipa genitzake aurten hastekoak diren San Josepe kalea eta Udala auzoa urbanizatzeko lanak. Beste partida aipagarri bat etxe hutsak identifikatzera bideratuko da, Udalak eskumen mugatua duen arren.

Era berean, Plan Orokorra berritu beharra dago. Hala, abenduan hasi eta otsailera arte Kulturateko klaustroan jarritako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurrerapena ikusgai zuen erakusketa amaitu zen eta herritarren iritzi, kezka eta ekarpenak baloratu ostean, orain Aholku Kontseilua dabil etorkizuneko Arrasate nolakoa izango den jakiteko irizpide nagusiak zehazten; bilerekin bukatzear daude.

Herri osoaren ordezkaritza zabala izan da kontseilu horretan eta Arregik dioenez, Udala "oso pozik" dago parte hartzearekin:  "Ordezkaritza zabala izateak ez du parte hartzea bermatzen eta eragile ezberdinen erantzunarekin oso pozik gaude. Sei bilera egin ditugu eta bakoitzean 30 bat lagun elkartu gara". Bilerok amaitzen direnean txosten baten jasoko dituzte ondorioak. 

Mugikortasuna, osotasunean
Hirigintza Saila beste batzorde batzuekin elkarlanean jorratzen ari den Mugikortasun Plana pil-pilean dagoen gaia da egun: "Garraio publikoa bultzatzea, bide gorrien sarea indartzea, garabi zerbitzuaren berrantolaketa, seinaleztapena hobetzea edota doako TAO ezartzea dira eskuartean darabilgun asmoetako batzuk. Zentzu horretan, Udalak duen beste helburu bat da oinezkoen espazioak zabaltzea".

Alde zaharraren antolaketa berria –autoen zirkulazioa ordutegi zehatz baten baimentzea– gaur bertan jarriko da indarrean, apirilaren 23a ezkero probaldi fasean egon ostean. Beraz, Mugikortasun planeko alor ezberdinak osotasunean ulertu behar dira, bata bestearekin lotuta daudelako. Beste puntu bat da TAO sistema jartzearena. Udalak egoki ikusten du herriko zenbait puntutan ezartzea, herri barruan ematen diren mugimenduak beste era batera egin daitezen: "Oraingoz, Arimazubi eta Loramendi kaleetan hasiko gara, aparkaleku arazo nabarmena dago-eta. Auzotarrekin, unibertsitatearekin eta beste eragile batzuekin berba egin dugu eta asmoa da gune horretan hastea, proba moduan".

Bestalde, Udalak egoki ikusten du Laubideko aparkalekua zabaltzea. Laubide eta Biteriko aparkalekuak independenteak dira baina kontzesio bera dute, eta horien kudeaketaz arduratzen den Gespark enpresak ez du obligaziorik Laubidekoa zabaltzeko: "Hurrengo urratsa da akordio batera iristea, non herritarrak irabazle irtengo diren eta ez den kalteturik izango. Gai garrantzitsua da guretako", dio Arregik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak