Udaberriko musikaldiak arrasatear kutsu handia izan du aurten

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko maiatzaren 6a

Bai Arrasateko Udalak bai Arrasate Musikalek positiboki baloratu dute Udaberriko VIII. Musikaldia.

Zazpi musika hitzordu izan ditu aurten Arrasateko Udaberriko Musikaldiak. Apirilaren 27an hasi zen musika zikloa Arrasate Musikaleko orkestra sinfonikoaren eta Goikobalu abesbatzaren emanaldiarekin eta domekan amaitu da Vocalia abesbatzaren saioarekin.

Bi aste bukaera horietan maila altuko musikariak izan dira Arrasaten, eta aurten protagonismo berezia izan dute herriko musikariek. "Arrasaten musikari oso onak daude, eta aurten presentzia berezia izan dute Musikaldian. Ikusi dugu horrek jende gehiago erakartzen duela kontzertuetara", adierazi du Arrasate Musikaleko kide Edorta Aiastuik.
Arrasateko udalak ere balorazio positiboa egin du. "Oso gustura gaude Musikaldia emandakoarekin", esan du Karmelo Alberdi kultura teknikariak. "Maila handiko kontzertuak izan ditugu, eta publikoaren erantzuna ere oso ona izan da. Kontzertu gehienetan 100 lagunetik gora batu dira".


Arrasate Musikaleko Edorta Aiastuik bereziki baloratu du Musikaldiak aurten izan duen arrasatear kutsu handia. "Orkestrak eta Goikobaluk egindako kontzertua oso jendetsua izan zen. Gainera, Musikaldi honetan herriko musikari ugari izan ditugu; txistulari taldeak, Alberto Urretxo tronboi-jolea, Igor Egidon biolontxelo-jolea edo Nestor Morales perkusionista. Horrek ere jendea erakartzen du, izan ere maila handiko musikariak izan ditu beti Arrasatek eta herriak zuzenean entzuteko aukera izan du Musikaldi honetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak