Ford Mugarrik galdu egin du hirugarren lehia

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko maiatzaren 6a

Lehenengo bi partiduak irabazi ondoren, galdu egin dute hirugarren lehia erabakigarria Arrasate eskubaloi taldeko mutilek. "Etxekoen aurka jokatu dugu, eta bagenekien zer gertatuko zen", azaldu du Andoni Arandok. RGC Covadongak ondo jokatu duela aitortu dute arrasatearrek, baina zalantzazko hainbat erabaki egon direla partiduan zehar. Azkenean 21-18 galdu dute arrasatearrek. "15 egun barru beste aukera bat izango dugu, beste igoera fase bat jokatuko dugu", azaldu du Arandok.

Lehenengo Nazional mailako txartela eskura izan dute arrasatearrek. Gijonen jokatutako igoera fasean ondo ibili dira, baina azken emaitzak ez du lagundu. Egubakoitzean eta zapatuan irabazi egin zuten, baina, atzo, domeka, RGC Covadongaren aurka galdu egin zuten.

Covadongak etxean jokatu zuen, eta ondorioz arrasatearrek aurrez zekiten partidu zaila izango zela. "Hainbat urte daramate igoera fasea etxean jokatzen, eta aurten igoera lortzeko aukera asko zituzten", azaldu zuen Gijonetik bueltan Ane Herrerok. Aurreneko bi partiduak irabazita gol averagea alde zuten arrasatearrek, hala garaipena edo berdinketa, biak ziren emaitza onak Ford Mugarriko mutilendako.

Hainbat faktoreren eragina

Partiduaren norabidean bi faktore garrantzitsuk eragina izan zuten: batetik, aurreko bi egunetan egindako esfortzuak nekea eragin zuen jokalariengan; eta, bestetik epaileek "zalantzazko erabakiak etxeko taldearen alde" hartu zituztela esan dute Arrasate eskubaloi taldeko kideek. "Talde asturiarrak egin duen defentsa gogorrak ez du behar besteko zigorrik jaso", azaldu du Andoni Arando komunikazio arduradunak.
Atzo, hasieratik ikusi zen gol gutxiko partidua izango zela. Bi taldeetako defentsaren lana oso ona izan zen; eta, zer esanik ez atezainen lana. Bosgarren minutuko emaitza 1-1 izan zen eta 15. minutukoa 3-3. Arrasatearrak Covadongako defentsa gogorra gainditzen saiatu zirenetan golpeak jaso zituzten. "Etxekoen defentsa gogorra mozten ez dute jakin izan bi epaileek eta gauzak horrela oso zaila izan da jaurtiketa garbiak lortzeko posizio egokiak sortzea", azaldu du Arandok. Lehenengo zatia amaitzeko bi minutu falta zirela markagailuan eragina izango zuen erabakia hartu zuten epaileek: 6-6 berdinduta zeudela Arrasateko jokalari bat egotzi zuten. Azken bi minutu horiek aprobetxatu zituen Covadonga taldeak bi goleko errenta hartzeko: 8-6.

Epaileen erabaki dudakoak

Bigarren zatiaren hasieran Ford Mugarriko defentsak maila onean jarraitu zuen, hala ere, erasoko jokoan ez zuten Covadongako defentsa apurtzeko aukera larregi izan. Markagailuan beti etxekoen alde egon zen: 40. minutuan, 13-9. Arrasatearrek buru-belarri jarraitu zuten lanean; hala, 45. minutuan 14-13 hurbildu zirenmarkagailuan. Baina, dena alde zutela ematen zuenean, berriro ere epaileen lanak eragina izan zuen partiduan: Ford Mugarriko bi jokalari jarraian egotzi zituzten eta aurkariak aukera aprobetxatu zuen berriro ere markagailuan aldea handitzeko: 16-13.
Ane Herreroren taldeak gogor jarraitu zuen lanean. 54. minutuan 17-17 berdindu zuten lehia, baina berriro ere, hainbat erabaki eztabaidagarri etxekoen alde izan ziren. Covadonga 19-17 jarri zen aurretik eta ondorioz arrasatearrek ezin izan zioten buelta eman markagailuari. Azkenean, 21 eta 18 amaitu zen lehia etxekoen alde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak