Lehenengo laurdena 25-23ko partzialarekin amaitu zen etxekoen alde. Bigarren laurdenean intentsitate berarekin jarraitu zuten bi taldeek. Lehia nahiko parekatuta zegoen; horren adibide da, 33-35 aurretik jarri zirela ordiziarrak. Hala ere, neurketa kontrolpean hartu eta berriro ere markagailuan aurretik jartzea lortu zuten etxekoek: 42-37 bigarren laurdeneko 6. minutuan.
Intentsitatea eta urduritasuna kantxatik kanpo ere nabaritu zen: bi entrenatzaileek hika-mika txiki bat izan zuten momentu jakin batean, baina agudo lasaitu ziren.
Falta askoko lehia
Aldageletara 53-44 etxekoak aurretik iritsi ziren. Nabarmendu behar da lehenengo zatian falta asko adierazi zutela epaileek: 18 arrasatearren kontra eta 16 ordiziarren kontra.
Bigarren zatia lasaiagoa izan zen. Bosgarren minutuan sartu zuen lehenengo tantoa etxeko taldeak (Andonik). Hala, ordiziarrek aukera hori aprobetxatu zuten markagailuan aldea murrizteko (54-51). Azkeneko minutuetan defentsan egindako lan gogorrari esker berriro ere aldea handitu zuten etxekoek: 66-56. Azkeneko laurdenean lehia kontrolatu egin zuten Larreategiren mutilek eta azkenean egindako lanaren saria lortu zuten: 79-73.
Goiko postuei begira
Larreategi pozik zegoen taldeak egindako lanarekin: bihotzarekin jokatu zutela azaldu zuen amaieran. "Averagea gure alde dugu, baita Tabirakorekin ere", azaldu zuen Larreagategik. Hortaz, dena alde dute arrasatearrek mailari eusteko lehian.
Aurten iaz baino askoz ere hobeto jokatzen ari gara, eta askoz ere partidu gehiago irabazi ditugu", gaineratu zuen. Hala ere, mailari eusteko lehia horretan jarraitzen dute oraindik: "Liga gogorra denaren seinale da hori", dio entrenatzaileak. Datorren zapatuan Iruñara joango dira.