Antolatzaileek egitarau konpletoa prestatu zuten, gainera: festari musika ipintzeko, Arrasate Musikaleko banda txikiaren emanaldia eta Portaloi taldearen kantu saioa; txikienak ez aspertzeko, margotze-tailerra eta puzgarriak; eta tripa bete eta eztarria bustitzeko, taberna –aurten, lehenegoz–. Lastima, arratsalde erdialdean Kukubiltxok bere ikuskizuna eskaini ezin izana; euriaren eraginez bertan behera utzi behar izan zuten eguneko ekintza bakarra izan zen.
Balorazio oso ona
Zapatu iluntzean, egitaraua ia agortuta, pozik hitz egin zigun Harreman elkarteko kide Itziar Uriartek: "Balorazioa ezin hobea da. Bidezko merkataritzakoek beste urte batzutan baino gehiago saldu dute, Emausekoak ere pozik geratu dira... goiza primeran joan da, eta arratsaldea ere bikain bukatu dugu nahiz eta motel hasi: uneotan jende mordoa ari da dantzan Patxi Monterorekin".
Tonbolako boletoak agortuta
Tonbolak ere sekulako arrakasta izan zuen, boleto guztiak agortu ziren. Horiekin bakarrik 4.000 euro inguru batu ditu Harremanek eta Mumbaiko (India) Ankur umezurtz-etxera bideratuko ditu; kalean utzitako edo familia pobreetako 200 neskatila bizi dira han. Tonbolako sari nagusia –bidaia bat– egokitu zaion zenbakia da 1.833; eta ordezkoa, 3.114.