Arrasatekoek helburu zaila dutela jakinda abiatu dira Asturias aldera, baina iaz Bartzelonan jokatutako faseak emandako esperientziak, eta batez ere aurten erakutsitako mailak erakusten dute posible dela, Arrasate mailaz igo daitekeela.
Kontrario gogorrak
Ford Mugarri Arrasatek Aragoiko txapelduna (Huesca), Asturiasko txapelduna (Covadonga) eta Galiziako txapeldunordea (Academia Octavio) izango ditu aurrean. Hiru kontrario horietako bi –Huesca eta Academia Octavio– Asobal mailan jokatzen duten kluben harrobi-taldeak dira, eta igoera fasean probetxu handia aterako diote horri: "Seguru goiko taldeko jokalarien laguntza izango dutela", adierazi digu Ane Herrerok. Eta hirugarren ordezkariak, Covadongak, apustua –ekonomikoa– egin du fase erabakigarria Gijonera eraman eta etxean jokatuta taldeak abantaila izateko. Hain zuzen ere, Oñatiko taldeak gauza bera egin zuen Lehen Nazional mailara igo zirenean; igoera fasea Zubikoara ekarri, eta etxean indartsu jokatuta mailaz igo ziren.
Baja garrantzitsu barik
Denboraldia amaitu eta liga irabazi zutenetik igoera fasea prestatzen buru-belarri ibili dira Arrasatekoak. Min hartutako jokalaririk ez badago ere, Herrerok onartu digu bat edo beste fisikoki justu samar dagoela, denboraldi luzea izan delako. Eta hain zuzen, asteburu berean hiru partidu jarraian jokatuta bistan da arlo fisikoak aparteko garrantzia izango duela. Ez horrek bakarrik, baita ondo hasteak ere: "Academia Octavioren kontrako partidua oso garrantzitsua izango dela uste dut, ondo hasteak moralki sekulako indarra emango ligukeelako". Hala, iazko ahaleginaren ostean asteburuan dute mailaz igotzeko beste aukera bat: "Aspaldiko desioa da Arrasatek maila horretan ordezkaritza izatea, eta, pastel honi ginda jartzeko modu ezin hobea izango litzateke".
Astelehenean Harmailatik saioan
Gijonetik bueltan, astelehenean Harmailatik (21:30) saioan kontatuko dituzte Ford Mugarriko ordezkariek asteburuan bizitakoak.
Asteburuko ordutegiak:
Egubakoitza (Gaur)
18:00 Covadonga - Huesca
20:00 Ford Mugarri Arrasate - Academia Octavio
Zapatua
18:00 Academia Octavio - RGC Covadonga
20:00 Ford Mugarri Arrasate - BM Huesca
Domeka
10:30 BM Huesca - Academia Octavio.
12:30 RGC Covadonga - Ford Mugarri Arrasate.