Julian Iantzi: "Euskararengatik, euskalkiarengatik, hasi nintzen 'Sorginen Laratza'-n duela 11 urte"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko maiatzaren 6a

Kalifornian jaioa. Hara lanera joandako artzain lesakarren semea. 7 urterekin etorri zen Euskal Herrira, Lesakara, anai-arrebekin, aitarekin eta amarekin. Francoren garaian, gaztelania ikasi behar eta euskara eta ingelesa ia galdu egin zituen. Euskaltegian izena eman eta euskara berriro berreskuratu eta hobetu zituen. Horri esker hasi zen telebistan. "Euskarari zor diot famatu izatea", dio. Bere bizipenak herririk herri kontatzen dabil. Arrasateko gaztetxean ere izan da.

Zelan bururatu zitzaizun herririk herri berbaldiak egitea?

Lehendabizikoa Eibarren egin nuen. Hango ikastetxe batetik deitu zidaten ea joango nintzen ikasleen aurrean esperientziak kontatzera. Euskararen gainean berba egiteko eskatu zidaten. Jende famatuari, erreferentziazkoari, kasu egingo ziotelakoan ikasleek, bozgorailu egokiak garelakoan. Ideia gustatu zitzaidan eta hala hasi nintzen. Duela bi urte-edo izan zen hori. Ondoren, Elkarbide elkartearen eskutik, batik bat, han eta hemen dihardut. Hego Euskal Herriko lurralde guztietan ibili naiz, dozenaka batzuetan.

Gazte jendearen aurrean, batik bat?

Bai, ikastetxeetara-eta joaten naiz-eta. Baina, batzuetan, euskaltegiek, euskara elkarteek… ere antolatzen dituzte, eta horra helduagoak ere hurbiltzen dira, gurasoak... 

Zer kontatzen diezu?

Euskararekiko nire ibilbidea. Gaztelaniaz egin izan ditut hainbat telebistako saio, ospetsuak, gainera; baina, batik bat, euskaraz egin dut nire ibilbide profesionala: Basetxea, hiriburuetako jaien gainekoak, Atzerritarrak Euskal Herrian… Esaten diet euskarak geroago eta garrantzi handiagoa daukala lan arloan ere… eta oso garrantzitsua dela euskaldun izan eta bizi izatea. Gure hizkuntza delako eta nortasun propioa, kultura berezitua… baditugulako. Eta bere hizkuntza galtzen duen herria galbidean delako. Hemen baditugu beste bi hizkuntza, gaztelania eta frantsesa, baina euskara da geuk egitekoa. Horretaz gain, gaur egun, 104 hizkuntza entzun ahal ditugu Euskal Herrian kalean. Eta mestizaia oso ondo dago, baina beti kontuan izanda geurea defendatu behar dugula, geuk egiten ez badugu, beste inork egingo ez duelako. Gure herriarekiko eta hizkuntzarekiko konpromisoa behar direla esaten diet ni entzutera datozenei.

Zuk zeuk euskarari zor diozu ospetsu izatea eta telebistan aritzea, ezta?

Hala da, eta hori ere nabarmentzen dut berbaldietan. Euskararengatik, euskalkiarengatik, hasi nintzen Sorginen Laratza-n duela 11 urte. Ez nuen uste telebistaren munduan amaituko nuenik. Ez naiz kazetaria, ez modeloa, ez eta aktorea… saltseroa baizik…

Euskara galtzekotan ere izan zinen.

Bai. Euskaldun eta ingeles etorri nintzen Euskal Herrira. Ez nekien gaztelania. Baina Francoren eskoletan beharrezkoa zen gaztelania, eta, hura ikastearen beharraz, besteak ia galdu egin nituen, ez nituelako horrenbeste erabiltzen. Ohitura hartu nuen, eskolan, etxean, kalean koadrilarekin… gaztelaniaz aritzeko. Konturatu orduko euskara maila urria nuen eta buruan neukana euskaraz ahotan jartzeko ez nintzen gauza. Zerbait egin beharraz, 30 urte nituela, esan nion neure buruari euskara berreskuratu behar nuela. Eman nuen izena Berako IKA euskaltegian eta hala hasi nintzen berreskuratzen. EGA titulua atera nuen… Hiru urte eman nituen, maila berreskuratuz eta euskara koadrilan sartuz. Horri esker hasi nintzen telebistan. Lehen kontratua sinatu nuenean esan nion neure buruari: "Eskerrak hasi nintzela duela hiru urte, bestela uko egin beharko nioke-eta lanari!". Euskara behar-beharrezkoa dela agerian geratu zen.

Zelako jarrera erakusten dute zu entzutera doazenek?

Ezberdina da adinaren eta lekuaren arabera, edo herri euskaldunak diren edo ez… Hasierako erreakzioa da telebistako ospetsu bat ikustearena. Harridurazkoa apur bat. "Kontxo, hau benetakoa da eta ez da telebistan ematen duen bezain gaiztoa…". Euskaraz gaztelaniaz bezain ondo aritzen naizela ikusterakoan, eskemak puskatuta-edo sumatzen ditut hainbatean.

Galderak egiten dizkizute?

Bai, bai. Begira, Mallabia da El Conquistador… saioaz galdetu ez didaten herri bakarra. Eztabaida osoa euskararen gainekoa izan zen. Horrek harritu ninduen. 

Eta euskararen gainean zer galdetzen dizu jendeak?

Zergatik mozten dituzten El Conquistador… saioan lehiakideak euskaraz aritzen direneko pasarteak. Zergatik ez diren lehiakideen arteko euskarazko solasaldiak telebistan ematen…

Zer erantzuten diezu?

ETB3 eta ETB1 baditugu erabat euskaraz. Eta, gero, badira ETB2, ETB Sat… Baina berezituta daude. Batzuk dira euskarazko kateak eta besteak gaztelaniazkoak. Betidanik izan da hala. Ni ez naiz espezialista eta ez dakit zein den egokiena. Halere, uste dut, El Conquistador… saioko hainbat solasaldi, natural, euskaraz emango balituzte, gure errealitatearen isla izango litzatekeela. Gure jendartea elebiduna delako.

Zer eman dizu euskarak, batik bat, alor pertsonalean?

Dena. Ni euskalduna naiz… eta harro nago. Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako euskalduna naiz. Senideak baditut Boisen-eta. Haiek ere oso euskaldunak dira. Euskaraz pentsatzen dut, nire nortasun propioa daukat, berezia, ez naiz inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere. Eta euskararen enbaxadore naiz kanpoan nagoenean. 

Euskaldun izatea abantaila izan da zuretako.

Dena zor diot euskarari: munduari buelta eman, hainbat toki eta pertsona ezagutu… Erabat aberasgarria izan da dena. 

ETBn euskarazko katea, euskara azken finean, bigarren mailan dagoela ez duzu uste?

Telebista negozio da eta diruak, lanak, audientziak daukate zerikusia. Tamalez, hiru hizkuntza ofizial ditugu Euskal Herrian eta euskara normalizatzea helburu den arren, ez gara iritsi oraindik. Euskara atzetik doa. Ikus-entzuleen eskuetan ere badago kontua. Bestalde, denon poltsikotik ateratzen da EITBrako dirua eta denondako edo ahalik eta gehienondako egin behar da telebista. Ez du konponbide samurrik. Ez da erraza hori kudeatzea. Kritikatzea bai. ETB1n audientzia, tamalez, txikiagoa da ETB2n baino. Eta horrek badu ondorioa. Baina,euskarazko katean ere egiten da ahalegina eta audientzia handiko programak badira, Basetxea, esaterako. 

Euskarazko pelikulak ez dira apenas ikusten ETB1en…

Hala da, bai. Behin egin zuten saiakera bat eta jarri zuten ETB1en eta ETB2n, aldi berean, film bera: Harry Potter. Bada, euskarazkoan ez zen apenas ikusi. Euskaldunok ere gaztelaniazkoaren alde egin genuen. Euskararen alde bazaude, kontsumitu ETB1.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak