Josu Uribetxeberria gaixo dago 2005az geroztik. Tumore bat detektatu zioten orduan, eta harrezkero giltzurrun bat kendu eta bizi osorako tratamendua ezarri diote. Hori horrela, mozioa aurkeztu zuen herritar batek atzoko osokoan, orokorrean aldarrikatuz "Espainiako espetxe legediaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak kaleratuak" izan behar direla, "bizi duten gaitzak behar bezalako tratamendua izan dezan".
Beraz, eta Uribetxeberriari dagokionez, haren "etxeratzea" eskatzeaz gainera, udalbatzarrararen gehiengoak baiezkoa eman zion Leongo espetxera joateko proposamenari preso arrasatearraren egoeraren berri eman eta haren askatasuna eskatzeko.
"Kalean ez badago, legea betetzen ez duelako da"
Alderdi sozialistak bozkatu zuen bakarrik mozioaren kontra. Aritz Arrieta bozeramaileak argudiatu zuen Lopez Lehendakariak aurkeztu duen kartzela politikak aurreikusten duela gaixo dauden presoak kaleratzea, aurrez ezarritako baldintza batzuk betetzen badituzte. Hala, Uribetxeberriari buruz esan zuen "kalean ez badago legea betetzen ez duelako" dela.
Iraia Sola zinegotziak erantzun zion esanez legeak dagoeneko aitortzen duela larri dauden presoek kalean egoteko duten eskubidea, baina gaineratu zuen ezin dela "legea erabili norberari komeni zaion moduan, norberak gura duen momentuan". Aldarrikatu zuen arrasatear guztien eskubideak, Uribetxeberriarenak barne "babestu" egin beharko liratekeela. Eta salatu zuen "mendeku politika aplikatzen" segitzen dutela, nahiz eta gaur egungo egoera guztiz aldatuta egon.
Euskaltegietan murrizketak
Bestalde, udalbatzarrak udal euskaltegiek "jasotzen duten dirulaguntzak etengabeko murrizketa izan" dutela salatu zuen Bildu, Aralar eta EAJk aurkeztutako mozio baten bitartez. Gaineratu zuten horren ondorioz, "udalek euskaltegi hauen biziraupena ziurtatu nahi dutelako, diru murrizketen zama bere gain hartu behar izan" dutela.
Bada, egoera horren aurrean "kezka eta ardura" adierazteaz batera, adierazi zuten "HABEreneta Eusko Jaurlaritzaren ardura" dela euskaltegien finantzazioa eta, labur esanda, plan bat eskatu zuten, "ahalik eta eperik txikienean udal euskaltegiek nahikoa dirulaguntza jaso dezaten ikasle-eskariari erantzuteko, irakasleen kontratazioak udalentzat kosturik izan gabe".
Sozialsitak kontra
Aritz Arrieta sozialistak Jaurlaritzaren jarduna defendatu zuen esanez "euskaltegiak eogera berrira egokitu" egin beharko direla; diru gutxiago batu dela, eta hortik datozela murrizketak. Hala ere, salatu zuen HABEk "bakardadean" finantzatzen dituela euskaltegiak, adibide moduan ipiniz Diputazioek ez dutela halakoetarako laguntzarik bideratzen. Era berean, azaldu zuen euskaltegietako matrikulazioa bera ere jaitsi egin dela, eta horren ondorioz eman dela irakasle kopuruan jaitsiera. Mozioaren kontra bozkatu zuten sozialistek.