Inazio Azkarraga-Urizar alkatea kezkatuta azaldu da hondakinen arazoarekin, esanez "legediak hondakindegiak itxiaraziko" dituela epe labur baten eta "erraustegi kutsakor baten inposizioa" dugula gainean. Zerbait egitea "ezinbestekoa" dela adierazi du.
Hitzaldi zikloa
Helburu horrekin, hainbat ekimen bultzatzeko nahia azaldu du Udalak, eta epe laburrean gauzatuko diren bi aurkeztu ditu: auzoz auzo, bihar bertan abiaraziko duten hitzaldi informatibo zikloa da horietako bat, "informazio falta" izan delako, hain justu, herritarrek erakutsi duten kezka nagusia. Hiri hondakinen bilketa sistema aldatzea zergatik ikusten duten beharrezko azalduko diete herritarrei. Hiru euskaraz eta beste hainbeste gazteleraz, 19:00etan izango dira denak
- Maiatzak 3, eguena, Santa Marinako jubilatu etxean (gazteleraz)
- Maiatzak 10, eguena, Musakolako Herri Eskolan (euskaraz)
- Maiatzak 17, eguena, Kulturateko areto nagusian (euskaraz)
- Maiatzak 23, eguaztena, San Andreseko jubilatu etxean, Etxaluzen (gazteleraz)
- Maiatzak 24, eguena, San Viator Txikin (gazteleraz)
- Maiatzak 30, eguaztena, Kulturateko Loramendi gelan (euskaraz)
Analisi-kontselua
Hiri-hondakinen kudeaketaren gaineko analisia egiteko eratzen dabilen kontseilua ere aurkeztu du Udalak. Egungo kudeaketa ereduak dituen "gabeziak" mahai-gaineratu eta proposamenak aurkeztuko dituzte.
Hezkuntza, merkataritza edota industria-zerbitzuen alorretako eragileek parte hartuko dute kontseilu horretan, eta lau saio egingo dituzte: maiatzaren 8an izango da lehena eta 29an azkena.
- Maiatzak 8, martitzena: parte-hartzaileei prozesuaren aurkezpena egingo diete.
- Maiatzak 15, martitzena: zaborraren hierarkia Europako legedian eta bere garrantzia.
- Maiatzak 22, martitzena: hondakinen bilketa antolatzeko eragileen proposamenen aurkezpena eta analisia.
- Maiatzak 29, martitzena: ondorioak atera eta ahalik eta adostasun handiena lortuko duen sistema aukeratu.