Jose Luis Tabueña argazkilariaren erakusketak eman die hasiera Kajoi Tabernako 25. urteurreneko ospakizunei

Miren Arregi Amasorrain 2012ko maiatzaren 1a

Tabueñaren neskalaguna, Maialen Fernandez de Arroiabe modelo arrasatearra da argazki gehienetako protagonista, baina, Marta Sanchez, Rosana, Cristina Rosenvinge, OBK musika taldeko kideak edota Naya Hansen eta Carolina Bang modeloak ere ageri dira argazkietan. Gaurtik maiatzaren 31ra arte egongo dira Tabueñaren argazkiak Kajoin ikusgai. Inaugurazioarekin, 25. urteurreneko ospakizunei eman zaie hasiera.

Lagunarteko giroan egin dute arratsaldeko 19:00retan Jose Luis Tabueñaren argazkiez osatutako erakusketaren inaugurazioa eta esan bezala, horrekin eman zaie hasiera Kajoi Tabernako 25. urteurreneko ospakizunei.

Tabueña argazkilariaz, Kajoi Tabernako langile eta arduradunez eta ohiko bezeroez gain, bertan zegoen Maialen Fernandez de Arroiabe modelo arrasatearra ere eta nola ez, haren lagun eta senitarteko mordoa. Fernandez de Arroiabe Madrilen bizi da duela 9 urtetik eta publizitateko modelo bezala egiten du lan. Hura eta haren mutil-lagun Jose Luis Tabueña argazkilaria oso pozik azaldu dira hemen izateaz eta Kajoi tabernak euren argazkiak erakusgai ipini izanaz.

Kajoi tabernako nagusi Antonio Murillo ere pozik zegoen gaur. Krisia eta beste gauza batzuk tarteko,  25 urteotako momenturik zailenak bizitzen ari direla esan digu, baina hala ere, Kajoik jarraitzen duela hasieran bezala kalitatezko zerbitzua eskaintzen eta pozik dagoela urteurren ekitaldien inaugurazio honekin. Gaineratu du, ohore bat dela Jose Luis Tabueña bezalako argazkilari baten argazkiak tabernan hilabetez edukitzeko aukera izatea.

Erakusketaz gain bestelakoak ere antolatu dituzte Kajoi tabernako arduradunek 25 urteak ospatzeko. Ekainean, Governors, Una noche sin Sabina edota Belceblues taldeek kontzertuak eskainiko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak