Alberto Urretxo tronboi jole ospetsua da. Izan ere, 1998tik Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronboi jole bakarlaria da, besteak beste. Irakaslea ere bada Musikenen eta Leioako kontserbatorioan.
Musika eta poesia
Gaurko emanaldian Urretxo Marion Desjacques-Huguel harpa jolearekin batera aritu da. Musika eta poesia nahastu dituzte emanaldian. Hala, abesti eta abesti artean poemak irakurri ditu Urretxok; kontzertuari hasiera ere horrelaxe eman dio. Arrasatearrak ondorengo poemak hartu ditu bere ahotan, adibidez: R.L. Stevenson-en Eskaintza, R.M. Rilke-ren Maitasun Kanta eta G. Belli-ren Oroitzapena.
Emanaldi aparte eskaini dute bi musikariek. Bi instrumentuak modu bikainean batzeaz gain, goxotasun berezia lortu dute poesiaren bitartez.
Kulturateko areto nagusia bete egin da kontzerturako eta izan da emanaldia zutik ikusi behar izan duenik ere.
Udaberriko Musikaldia
Bihar ere kontzertua egongo da Kulturateko areto nagusian Urval Ensemble klarinete laukotearen eskutik, 20:00etan. Maiatzaren 4an, bestalde, Perku2c perkusio bikoteak eskainiko du emanaldia toki eta ordu berean. Hurrengo egunean, maiatzak 5ean, Arrasate Musikaleko Txistu Bandak joko du herriko plazan 12:30ean. Eta, azkenik, maiatzaren 6an Vocalia abesbatzak kantatuko du San Juan Batailatzailearen parrokian.