Berdura Plaza eredugarri eta erakargarri izan zenekoa

Ubane Madera 2012ko maiatzaren 2a

Azoka biziberritzeko ekimenak maiatzean dauka hurrengo hitzordua: joan den martxoa ezkero lanean diharduten lau taldeen hausnarketen bateratze-saioa. Horrekin batera, beste bi prozesu ere abiaraziko dituzte: haurrekin eta etorkinekin azokaren gaia lantzen hasiko dira.

Izan ere, hilabeteotan gauzatzen joango da Bagara elkarteak, Arrasateko Udalarekin elkarlanean, Arrasateko azoka birpentsatzeko egiten diharduen parte-hartze prozesua. 

Behin bukatuta, prozesutik ondorioztatutako emaitzen bideragarritasuna aztertuko dute. Hau da, ikustea ea posible den emaitzak Arrasateko azokan aplikatzea, eta, hala azokari bultzada eta indarra ematea. 

Hasieran, harresiaren ondoan

Izan ere, Arrasateko azokak gaur egun inportantzia eta pisua galdu duen arren, iraganean, bertakoak eta kanpotarrak erakartzen zituen. Ana Isabel Ugalde historialariak nabarmentzen duenez, "salmenta beti egin da Arrasaten, Arrasate herri urbanoa izan delako. Kaletarrak jatea behar zuen". 

Historia errepasatzen badugu, duela bi mende amaierako dokumentazioa esku artean, 15 egunean behin egiten zen azoka. "Azoka, edo tratua, hala esan izan zaio-eta beti: tratua. 1898ko urtarrilaren 21eko agiri bati esker, badakigu harresiaren ondoan egiten zela, egungo Portaloiaren alde banatan. Egun hartan, Udalak erabaki zuen Beheko Portaletik (gaurko Portaloia) Olarterako bidea libratzeko asmoz, merkatuko postuak berrantolatu egin behar zirela. Horrela izango zen aurrerantzean: abarkagileak: Beheko Portaletik, Jose Maria Mendizabalen etxeraino; errondan: berdura saltzaileak, Barrenaren etxe aurrean (Zerkaosteta); idi pareak, pilotalekua izandakoa (BAZ izandakoa) eta bestelako animaliak, San Frantziskoko plazatxoan", kontatu du Ugalde historialari arrasatearrak. 

Bakarra inguruan, modernoena 

Hori da, beraz, Arrasateko azokaren abiapuntua. 

Baina Berdura Plazak salto garrantzitsua eman zuen 1901ean: "Mondragoek izan zuen ongile aparta etorri zen herrira, Pedro Biteri jauna, Europan zehar egiten zirenak ikusita. Hartara, 1900eko maiatzaren 18ko udal bilkuran azaldu zuten Biteriren aspaldiko asmoa zela herriari merkaturako plaza estali bat ematea. Leku aproposena irizten zion, Udalak kontrakorik esaten ez bazuen behintzat, San Frantzisko aurreko plazari. 1901eko abuztuaren 5ean, Biterik Berdura Plaza dohain gisa eman zion Mondragoeko herriari. Burdinazko eta kristalezko eraikina, gaur egun Seber Altube deitzen dugun plazan zegoena. Portaloitik pasatzea estalitako leku batera, urarekin, gero argia ipini zen… baldintzak ikaragarri desberdinak dira. Azokari berari beste izaera bat eman zion, eta saltzaileei beste duintasun bat. Inguruan bakarra zen, halakoak bakarrik hiriburuetan zeuden. Bestelako eragina ere izan zuen: hortxe kontzentratu zen produktu freskoen salmenta. Eta herrian ohitura sortu zuen bertara joateko. Gaur egungo pentsamenduarekin, oraingo bulebarra izango litzateke". 

Ez hori bakarrik, eraikina ere bazen azpimarratzeko modukoa: "Ereduak Eiffel dorrea, Parisko halles-ak… izan ziren. Parisen, Biarritzen… zeuden bakarrik halakoak. Izan ere, Biteri Paristik Biarritzera joan zen bizi izatera. Eta hark ekarri zuen orduko Europako gauzarik modernoena Arrasatera", kontatu du Ana Isabel Ugaldek. 

Eta hala, plaza inportante bilakatu zen Arrasate. Bertako eta urrunagoko saltzaileak etortzen ziren. Urtetan gorde zuen izan handi hori, baita eraldatu ostean ere. 

1940an jasan zuen aurreneko eraldaketa: "Eraikina txikia zela-eta, egin zena izan zen desmantelatu eta bertako burdinak aprobetxatuz pisu bat gehiago jaso. Beheko pisuan arrainduna zegoen eta goiko pisuan egoten ziren baserritarrak", 

Berdury Dance eta gimnasioa 

Bestalde, oraingo Berdura Plaza biziberritzeko egitasmoan azoka aisialdirako esparru izatea ere egoki ikusten duten neurrian, 40ko hamarkadako azokak bazuen ezaugarri hori: "Hortik dator Berdury Dance. Lokal moduan erabiltzeko leku bakarra zen Arrasaten; izan ere, orduan leku handi bakarrak Elizak izaten zituen. Gure aita zenak esaten zuen han jazzband-a egiten zutela… Domeka arratsaldeetan egiten zuten. Nik entzunda dut plazako dantza zela gauza bat eta Berdury horrek… bekaturako bide handiagoa ematen zuela. Bestalde, gimnasia leku moduan ere erabiltzen zuten Mesedeetako mojen ikasleek goiko eraikina inauguratu arte, 60ko hamarkadan edo geroago. Hori bota egin zuten 1976an, Seber Altube plaza sortu zutenean. Ferixalekua urbanizatzean, hara pasa zuten Berdura Plaza. Egungo lekura".

Han hasi zen Berdura Plazaren gainbehera, 80ko hamarkadaren amaiera inguruan. "Ez da lekurik aproposena. Ez da erakargarria. Paso-lekuan ez dago, apropos joan behar da hara. Horrek izan du eragina azokaren gainbeheran. Ez zen pentsatu Berdura Plaza batek jokatu ahal zuen papera. Frantzian, adibidez, paper garrantzitsua jokatu dute, oso bizirik daude, eta asko 1800-1900-ean egin zirenak, hiri-sare barruan kokatuta egindakoak dira".

-----------------

Biziberritzea zertan den

-Elikadura eta lehen sektorea: Ekainera arte jardungo dute, bi fasetan: diagnosia (hutsuneak identifikatu eta proposamenak egin); gainerako lan-taldeen proposamenak aintzat hartu.

-Herrigintzarako plaza: zelan indartu azoka eragileen partetik. Bi fase: eragileen beharrak aztertu eta aukerak identifikatu eta azokarako proposamenak landu. 

-Kontsumo arduratsua eta produktu eraldatuak: bidezko merkataritza, bigarren eskuko produktuak, eraldatuak, zero zabor filosofia oinarri, moneta oinarri ez duten ereduak, herri eragileen topagune edo izatea… aztertu, hutsune eta aukerak identifikatu eta proposamenak egin. 

-Aisialdia eta jolasa: Arrasateko jolasaren diagnostikoa eta azokaren azterketa haurren ikuspegitik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak