Tailer eta ikastaro ezberdinak ostegunero

Aketz Zubia 2012ko apirilaren 27a

Ikasturte bukaera honetarako, Txatxilipurdi elkarteak askotariko tailerrak antolatu ditu Arrasateko gaztetxoko ezberdinetan: hankapalo ikastaroa, marrazketa artistiko tailerra eta gitarra ikastaroa. Gazteei zuzendutako ikastaro hauek doakoak eta ostegunero izango dira.

Arrasateko gazteek maiatzaren 3tik aurrera, kurtso eta tailer ezberdinak egiteko aukera izango dute. Esaterako, Musakolako gaztetxokoan hankapalotan ibiltzen ikasteko aukera izango dute. Bertan hankapalo ezberdinak, materiala, jantziak... egongo dira eta Etor Larrañaga adituak bideratuko ditu gerturatzen diren gazteak.

Bestalde, egun bererako, maiatzak 3, San Andreseko gaztetxokoan beste tailer berri bat antolatu du Txatxilipurdi Elkarteak, marrazketa artistiko tailerra, hain zuzen ere. Hurbildutako gazteek komikiak marraztu, marrazki bereziak egin eta material ezberdinak probatu ahal izango dituzte. Kasu honetan, Andoni Iñurritegi izango da tailerra bideratuko duen arduraduna, baina plazak mugatuak izango dira.

Eta azkenik, orain arte San Andresen martxan egon den gitarra ikastaroak Erguineko gaztetxokoan izango du jarraipena. Bertan, ostegunero, ekainaren 3tik aurrera, Olatz Urkiarekin gitarrarekin lehen soinuak ateratzeko aukera izango dute gazteek. Hemen ere izenematea doakoa da eta plaza mugatuak izango dira.

Informazio gehiago eskatu edo izena emateko gaztetxokoetara hurbildu edo Txatxilipurdi elkartera (943 79 54 46) deitu daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak