AUKEAk urtero antolatzen dituen umeen igeriketa ikastaroetan plaza libreak daude oraindik. Izena eman ahal izateko, maila minimo bat izan beharko du ikasleak, halabeharrez (ez baitago plaza librerik olagarro mailan, hau da, hutsetik hasi behar dutenen mailan). Beraz, ikasleak, gutxienez, karramarro maila izan behar du plaza lortzeko. Zein mailatan dauden ez dakiten ikasleek harremanetan jarri behar dute aurrez AUKEAko bulegoarekin, froga bat egiteko.
Ikastaroen ordutegiei dagokienez, maila bakoitzak aukera desberdinak ditu. Hori dela eta, AUKEAra deitzea da onena (943 77 16 77). Ikastaroan parte hartzeko 26,60 euro hileko (16,60 bazkideek) ordaindu beharko dira.
Hipopresibo ikastarorako matrikula zabalik
Dagoeneko gimnasia abdominal hipopresibo kurtsoan izen ematea egiteko epea irekita dago. AUKEAren esanetan, hipopresibo ikastaroak zoru pelbikoa gihartzen laguntzen du: inkontinentzia saihestu eta erditze osteko errekuperazioa lantzen du, eta fisikoki gerri buelta txikitzen eta sabela barrualdera sartzen laguntzen du. Ikastaroa astelehen eta asteazkenetan izango da eta, maiatzaren 2an hasita, 2 hilabeteko iraupena izango du.
Ikastaroa egin nahi dutenek 45,75 euro ordaindu beharko dituzte hileko (35,75 bazkideek) eta hiru ordutegi ezberdin izango dira: 11:15, 17:30 eta 20:30.