ELAk elkarretaratzea deitu du, adin txikikoentzako etxe baten itxiera salatzeko

Goiatz Arana Begiristain 2012ko apirilaren 25a

Arrasaten dagoen Bide Berriren etxebizitza itxi nahi dutela-eta egingo dute kontzentrazioa gaur, eguaztena, 17:30ean, udaletxe aurrean. Itxiera horren ondorioz, zazpi pertsona lan barik geratuko dira.

ELAtik aditzera eman dutenez, Gizarte Politika sailak atzo eman zion erabakiaren berri Bide Berri Gipuzkoako hezitzaileen elkarteko enpresa komiteari; adin txikikoei bideratutako bost etxebizitza kudeatzen ditu elkarteak.

Sindikatuaren arabera, enpresak 70 lanegun zor dizkie langileei eta, "porrot" egoera horren aurrean, Arrasateko pisua ixtea erabaki du Aldundiak. Egun, lau adin txikiko daude bertan eta horiek laguntza-sareko beste etxebizitza batzuetara lekualdatzea da asmoa.

ELAk Bide Berriko arduradunen "kudeaketa txarra" kritikatu du, eta hitz gogorrak izan ditu Diputazioarentzako ere: "Aldundiak diru publikoaren kontrol txarra egin du eta, gainera, ez du bete egungo langileak aurrerantzean etxebizitza hori kudeatuko duen enpresara subrogatzeko hartutako konpromisoa".

ELAtik gehitu dute Arrasateko pisua ixteko erabakia "politikoa" dela eta "adin txikikoen sarea berregituratzeko asmoari lotuta" dagoela. Arrasaten gertatutakoa leku gehiagotan ere gertatu daitekeela gaineratu du sindikatuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak