Hona hemen Floren Aoizek 1512-2012 oroitzapenetik haratago… indepentzia izenburuarekin besteak beste, adierazten duena bere blogean.
"1512ko konkistaren urteurrena aukera ederra da gure herriaren iragana hobe ezagutzeko, Historia ofizialaren gezurrak agerian uzteko, finean. Halaber, aspaldi abian jarritako euskal nazionalismoaren berritze-egokipen bidean, iraganari bestela so egiteko parada eskaintzen du urteurren honek. Izan ere, XXI. mendean euskal independentzia nahi duten talde eta pertsonek ezagutu beharko lukete izan genuen estatua, baita nola kendu ziguten ere. 1512ko erasoa eta ondotik piztu ziren independentzia berreskuratzeko borrokak aintzat hartzekoak baitira, zalantzarik gabe".
"Estatua osatzeko eskiubidea"
"Euskaldunok estatua osatzeko eskubidea dugu herri bat garelako, eta libre izan nahi dugulako. Baina, gertatzen da estatua izan genuela eta indarrez kendu zigutela. Eta gertatzen da kendu zigutenek eta gure miseriek lainotu dutela estatu horren oroitzapena. Eta gertatzen da estatu horren izena, Nafarroa, erabiltzen dela Euskal Herria zatitzeko, “nafartasuna” bilakatu nahi izan dutelako euskalduntasunaren ukapen bidea, Nafarroa eta Euskal Herria elkar kontrajarriz.
Gertatzen da, halaber, pairatutako konkista itun aske bilakatu dutela eta sinestarazi nahi izan digutela gure aurrekoek erabaki zutela Frantzia eta Espainiarekin bat egitea. Hau dena oroitzea komenigarria da, iragana ezagutzeko eta libre izateko eskubidea ukatzen duten estatuak nola ibili diren ikusteko. Komeni da gaur egungo eztabaidan erabiltzen diren argudio aunitz beren lekuan jartzeko.
Adibidez, agerian uzteko Nafarroaren nortasunaren etsaia ez dela euskal abertzaletasuna espainiar eta frantziar zapalkuntza egitasmoak baizik. Nafarroa ez zela inoiz ere libreki batu Espainiarekin, konkistatua izan zela, eta konkista hura bortitza eta krudela izan zela eta asko kostatu zitzaiela erasotzaileei Nafarroa bereganatzea. Finean, armak izan zirela Nafarroaren independentziari bukaera eman ziotenak. Indarkeriaz aritzeko euskarri interesgarria dugu hau, bestalde. Estatua indarkeriaz kendu zigutenek esaten baitigute ez dela zilegia estatu bat indarkeriaz osatzen saiatzea".
Arrasateko Sustarrak Errotuz taldeak antolatutako ekimena da datozen asteotan egingo duten hitzladi-zikloa.