Nolatan halako hitzaldia?
Iaz, Nabarraldek antolatuta, Nafarroaren Konkistaren gaineko II. kongresua egin zuten Oñatin. Orduan, Iraurgi bailarako Azkoitiak eta Azpeitiak Nafarroako konkistan izan zuten parte-hartzeaz egin nuen berba. Hitzaldiaren bukaeran pertsona batek galdetu zidan ea zer-nolako parte-hartzea izan zuen Arrasatek, eta berba egiten hasi ginen.
Oraingo honetan, Arrasateko hitzaldi ziklora gonbidatu naute. Maiatzaren 2an izango da berbaldia, 19:00etan, Kulturaten.
Bada, nolako parte-hartzea izan zuen Arrasatek Nafarroaren konkistan?
Parte-hartze inportantea izan zuen. Garai hartan udalek zuten betebeharretako bat militarra zen. Egun baditugu orduko betebeharrei erreferentzia egiten dieten ekintzak; besteak beste, Hondarribiko eta Irungo alardeak.
Hori horrela, Arrasatek milizia urbanoa zuen. Udalak zuen soldaduak antolatzeko ardura. Milizia urbanoa antolatzeak eta haiendako hornidurak gastu batzuk zituen, eta horiek jasota geratzen ziren udaletxeko gastuen liburuan. Gastu haiek aintzat hartuta dakigu zenbaterainoko parte-hartzea izan zuen Arrasatek.
Noiztik norako liburuak begiratu dituzu?
Arrasateko artxiboan 1500. urtea ezkero daude gordeta. Ordutik 1524ra Udalean egindako mugimendu guztiak daude jasota: gastuak eta sarrerak.
Nola antolatzen ziren orduko milizia urbanoak?
Gaztelako monarkia hartu-emanetan ipintzen zen Gipuzkoako lurraldearekin. Gaur egungo Batzar Nagusien pareko erakundea zen. Monarkiaren ordezkari zen Gipuzkoako korrejidoreak ekintza militar bat egiteko gizonezkoak eskatzen zituen. Gehienez ere, 3.000 pertsona eskatu zituzten Gipuzkoa osorako.
Ondoren, udal bakoitzak erabakitzen zuen zenbat pertsona bidali behar zituen ekintza militarrera.
Arrasateko datuak ikusita, gehienez ere, 130 gizonezko bidali zituen. Baina zifra inportantea da, kontuan hartuta, batez beste, 4.000-4.500 biztanle zituztela Gipuzkoako herriek.
Bat-batean horrenbeste gizonezko gerrara bidatzea kaltegarria izan zen Arrasaterendako?
Bai, baina ez bakarrik Arrasaterendako, baita Gipuzkoa osoarendako ere. Gizonezko helduak ziren, gehienek lan egiten zuten: joskinak, okinak, igeltseroak, arotzak, iturginak... Langile xumeak ziren, formazio militar bakoak. Gerrara joaten zirenean euren lanbidea eta familia utzi egiten zuten, eta ondorioak ekartzen zituen.
Familiaren batean, aitak ezin zuenean milizia urbanoko kide izan, semeak parte hartu behar zuen, derrigorrez.
Hortaz, derrigorrezkoa zen milizia urbanoko kide izatea?
Bai. Udalak egiten zuen aukeraketa. Batzar Nagusiek kopurua zehazten zutenean, herri bakoitzak egiten zuen ekarpen fiskalaren arabera zehazten ziren herri bakoitzeko pertsonak. Familia bakoitzaren araberako ekarpena zen, eta Arrasatek 138ko kopurua zuen.
Behin hori zehaztuta, etxerik etxe eta baserririk baserri gizonezko bila joaten ziren udal arduradunak milizia urbanoa osatzeko.
Baina pertsona haiek ez zuten formazio militarrik.
Bai, hala da. Orduko erregistroak begiratuta, izen-abizenen alboan lanbidea agertzen da. Banaka batzuk daude soldadu moduan identifikatuta.
Orduan, nola moldatzen ziren gerran?
Formazio bakoak izan arren, dokumentuek garbi erakusten dute bazekitela armada antolatzen.
Milizia urbanoaren buru kapitaina zen. Kapitaina Udal Gobernuko kidea eta ordezkaria zen. Harekin batera alfereza zegoen eta haien azpitik kaboak. Soldaduak 10-12ko taldeetan banatzen ziren, eta kaboak zuen taldearen ardura.
Guztien aurretik Arrasateko bandera zeraman pertsona bat zihoan, eta haien ondoan danborra jotzen zuen beste pertsona bat. Danbor-doinuen bidez, kapitainak emandako aginduak aditzera ematen zituen.
Horrek guztiorrek erakusten du formazio militarrik ez eduki arren ondo antolatzen zirela.
Gerrak hildako asko eragin zituen?
Duda barik, bai. Baina Arrasateri dagokionez ez dago hildakoen erreferentziarik. Azkoitiko eta Azpeitiko dokumentuetan badago hildakoen erregistroa, baina Arrasaten ez. Horrek ez zu esan nahi benetan ez zela hildakorik egon, baina oso gutxi izango ziren.
Zenbat denbora egoten ziren gerran?
Batez beste, hilabeteko gerrak izaten ziren, baina 23 eguneko liskarren dokumentuak daude, eta baita hiru hilabetekoak ere.
Beharren araberako denbora izaten zen. Kontuan hartu behar da gerran zeuden bitartean kobratu egiten zutela. Ez ziren doan joaten, eta horrek, noski, kostu bat zuen.
Nortzuk gonbidatuko zenituzke hitzaldira?
Arrasateren iraganaren gainean jakin-mina dutenak, Nafarroaren konkistaren garaian Arrasaten zer gertatu zen jakin gura dutenak, Nafarroarekin hartu-emana dutenak...