Euskadiko Kutxak kapitala handitzea erabaki du

Jon Berezibar 2012ko apirilaren 23a

Euskadiko Kutxak kapitala handituko du, zapatuan Donostiako Kursaal jauregian egindako Batzar Nagusian onartu zenez. Kapital handitze hori 165 milioi eurokoa izango da eta etorkizunean eman daitezkeen kapitalizazio eskaera handietarako prestatuta egotea du helburu. 

Zapatuko ekitaldian Txomin Garcia presidenteak adierazi zuenez, Euskadiko Kutxak ez du egun handitze horren ezinbesteko premiarik eta ez dauka zerikusirik Ipar Kutxaren integrazioarekin. Beraz, etorkizunerako aurreikusten dituzten kapital eskaera altuagoei aurre egiteko gertu egotea gura da handitzearekin.

Gaur jarriko da martxan

Kapitalaren handitzea gaur bertan jarriko da martxan. Bazkide zein kolaboratzaileei –kapitala izaten jarraitu gura duten erretiratuak– eta Euskadiko Kutxari lotuta dauden beste kooperatibei dago zuzenduta kapitalaren handitzea.

Gainera, zapatuko batzarrean ez zen mahai gainean jarri Euskadiko Kutxa aztertzen dabilen beste neurri bat: etorkizunean kutxaren bezeroek ere kapitala eskuratzeko aukera izatea. Hori bai, kutxako iturrien arabera, kapitala bezeroei ere zabaltzea onartzea Batzar Nagusiari dagokio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak