2006az geroztik (BAZ zabaldu zenetik) herritarren kexuak Biztanleen Arreta Zerbitzuan jasotzen dituzte; eta datuak eskuartean, zerbitzu horrek ondo funtzionatzen duela ondoriozta daiteke. Adibiderik gertukoena da iazko ekainetik orain arte 800 kexu jaso dituztela Arrasateko Udalean. "Jendeak geroago eta gehiago ezagutzen du zerbitzu hori, eta gainera kexua aurkezten dituzten gehienek modu positiboan aurkezten dute, hau da, konponbidea gura dutelako aurkezten dute kexua. Dena den, denetik egoten da, badaude batzuk sekulako harrikadak botatzen dituztenak, mehatxu modura etortzen direnak ere bai, baina esan bezala, gehien-gehienak zentzudunak dira eta konpondu ahal direnak", adierazi du Kepa Urteagak, kexuak bideratzeaz arduratzen den udal ordezkariak.
Agerre plaza, autoak, estolderiak…
"Adibidez, kexu asko jaso ditugu Agerre plazan ez dagoelako jarlekurik; zuhaitzen adarrak beheregi daudelako ere izaten dira; estolderiekin lotutakoak, zarata ateratzen dutelako; autoak gaizki aparkatuta traban egoten direlako… Eta asko izaten dira, baita ere, ziburuekin lotutakoak. Adibidez, Zaldibarkoetan lurzorua txarto zegoela-eta kexua jaso eta aldatu egun genuen zorua", gaineratu du hark.
Kexuak BAZen
Kexuak Biztanleen Arreta Zerbitzuan sartu behar dira. Hiru bide daude:
- Telefonoz (943 25 20 00).
- Internetez (arrasate-mondragon.org/tramiteak/iradokizunak-eta-kexak).
- Pertsonalki bertara joanda.
Kexua aurkezteko derrigorrezkoa da izen-abizenak ematea. Eta Interneteko bidea aukeratuz gero, norberaren helbide elektronikoa ere jarri behar da.
Kexuen erantzuna
Kexuak BAZen sartzen diren egunean bertan bideratzen dituzte dagokion sailera (Zerbitzua, Obrak, Hirigintza…) Sail horrek astero edo hamabostero (sailaren arabera) egiten duen batzordean aztertuko du kexua. Sail bakoitzak pertsona bat dauka horretara bideratuta. Gero, kexuaren izaeraren arabera, Gobernu batzordetik pasa behar da; eta oso ezohikoa izaten da, baina hala badagokio, baliteke osoko bilkuratik pasa behar izatea ere. Prozedura hori guztia egin eta gero, erantzuna bidaltzen zaio kexua aurkeztu duen pertsonari. Eta kexuak konponbidea badu, konpondu egingo dute.