Bittor Murgiondo senarrarekin batera Mojategi inguruan duten zelaian topatu dugu, han dituzten erlauntzetan lanean. Aurten sarituak izan badira ere, urteak daramatzate eztia egiten; Murgiondok 40 urte inguru daramatza erleekin lanean. Denera, 17 erlauntz dituzte gaur egun senar-emazteek: orain dela bi urte Mojategin jarritako bederatzi erlauntzei, Mutiloako Lierni auzoan dituzten beste zortzi gehitu behar zaizkie. Mojategira heldu aurretik, gainera, hamabost bat urte eman zituzten Aretxabaletako Arbizelai inguruan.
Erretiratu direnetik horretan buru-belarri dabiltzala onartu digute: "Hemendik irten barik". Horren harira, jakinarazi digute erleek arreta eta denbora eskatzen dutela. Horren harira, honakoa aipatu du Aramendik: "Asko zaindu behar dira. Lehen, erleak ipintzen ziren eta gero ez ziren kentzen, eta, kasurik egiten ez bagenien ere, bizirik irauten zuten. Orain, erleak ez dira bi urte baino gehiago bizi izaten, gaixotu egiten direlako".
Liztorrak, oso kaltegarriak
Gaixotasunez gain, kutsadurak ere erleen bizitzan eragin zuzena duela gaineratu du, baita azkenaldian Asiatik iritsitako liztor inbaditzaileek ere. Horren harira, honako deialdia egin nahi izan du: "Oso arriskutsuak dira, erleendako eta baita pertsonendako ere. Neguan lur azpian egoten dira eta udaberrian zuhaitzetan egiten dituzte habiak, oso garai. Norbaitek ikusten baldin baditu, Udaltzaingora joan dadila. Senarra bera iaz Uribe auzoan agertutako habia bat kentzen ibili zen suhiltzaileekin batera. Kalte handia egiten dute".
Debako lehiaketan sailkatua
Oztopo horiek guztiek, dena dela, ez dute ekidin Aramendiren eztia Gipuzkoako ezti ilun onena izatea. Ezti lehiaketaren hamalaugarren edizio horretan, 21 ekoizle lehiatu ziren: Gipuzkoako eskualde bakoitzetik hiru eztigilek parte hartu zuten; hain justu ere, urtarrilean egindako eskualdeko txapelketetatik garaile irtendako hiru eztigile. Deban egindako lehiaketan Jose Luis Azpeitia, Fermin Telleria eta Garbiñe Aramendi bera nagusitu ziren; hirurak arrasatearrak.
Zegaman egindako Gipuzkoako txapelketa hiru kategoriatan banatu zen: lore askoko eztiaren kategorian, Zeledonio Askasibar zarauztarrak eroan zuen lehen saria; eta akazia-eztiaren kategorian, Itsasondoko Manuel Agirrek; Aramendik, ostera, txilar eztidun poto batekin eraman zuen txapela. Epaimahaiaren erabakia "ezustean" harrapatu bazuen ere, baieztatu digu pozik jaso zuela saria. Horrekin batera, datorren urtean ere txapelketara aurkezteko asmoa duela gaineratu du.
Eguraldiak ez du laguntzen
Bestalde, aurtengo uztari buruz ere egin digu berba arrasatearrak. Eguraldiak baldintzatuta datorrela esan ostean, gaineratu du eguzkia ezinbestekoa dela. Argi dauka Aramendik: "Eguraldiak asko baldintzatzen du uzta. Eguzkia behar da; azkenaldiko eguraldiak ez du laguntzen, eta erleak barruan daude. Udaberrian eguzkiarekin loreak zabaltzen direnean hasten dira lanean".
Horren harira, honakoa gaineratu du: "Urtean behin jasotzen dugu guk eztia; hain justu, irailean. Ondo ibiliz gero, 100 litrotik gora hartzea espero dugu. Itxaropen hori daukagu, behintzat". Haren senarra ere itxaropentsu agertu da, eta haratago joan da, 200 litrora hel daitezkeela esanda.
-----------------
Tranpak Asiako liztorraren kontra
Asiatik iritsitako liztorrarekin "beldurrez" dabiltzala baieztatu digu Aramendik; izan ere, "azkar" akabatzen ditu hemengo erleak. Horiek zelan jokatzen duten azaldu digu arrasatearrak: "Liztor inbaditzaileak gainean geldi-geldi egoten dira, itxoiten, eta gure erlea erlauntzetik irteten denean, hegaka doala lehenengo burua mozten diote eta jarraian erdiko zatia hartzen dute jateko". Hori ekiditeko plastikozko botilekin egindako tranpak jarri dituzte, eta honakoa esan: "Orain erakutsi digute tranpak zelan jarri, eta dagoeneko jarrita dauzkagu horiek. Mojategin dagoeneko zazpi harrapatu ditugu, guztiak erreginak. Horiek harrapatzea da, hain justu, garrantzitsuena".