"Hilabete honetan bertan, zazpi familiak etxetik irten egin behar izan dute. Batzuek seme-alabak dituzte, gainera. Kontua da orain arte dirulaguntzekin, eta justu-justu, baina alokairuan bizi ahal izan direla. Baina laguntzak kendu egin dizkiete, eta gainera, prezioak (argindarrarena, urarena…), igo. Familia horiek orain arte lagun edo senideen artean etxerik etxe ibili dira, baina horiek ere bukatu egingo zaizkie laster, eta kale-kalean geratuko dira", kontatu du Horazio Argaratek, Arrasateko parrokoak.
Bada halakoei laguntzeko zerbitzua prestatzen dabiltza Arrasateko parrokia eta Caritas: "Abade-etxean 120 m2-ko bi etxebizitza berritzen gabiltza, eta bi oheko zortzi logela egokituko ditugu bertan. Bestalde, Gesalibarren ere badugu beste etxebizitza bat, eta han beste sei lagunendako lekua egokituta dugu; gaur egun bi familia daude bertan bizitzen", kontatu du parrokoak. "Ezin duguna egin da kalean geratu behar diren familia bakoitzari etxe bat utzi; baina sukaldeak eta komunak konpartituta, hiru etxebizitzotan logelak egokituko ditugu eurendako, sikiera aterpea eta babesa izan dezaten. Abade-etxea handia da, eta une honetan bi lagun bakarrik bizi gara bertan", gaineratu du Argaratek.
Abade-etxeko etxebizitzak berritzeko obrak hasita dituzte, eta ekainean bukatuko dituzte, "Sanjuanetarako-edo". Uztailean bertan abiarazi gura du Arrasateko parrokiak zerbitzu berria.
Bulego duinagoak
Bestalde, Caritasek berak Abade-etxearen sotoan duen egoitzan ere obretan dihardute. "Handitzen gabiltza, zerbitzu duin bat emateko. Orain arteko lokalak ez du jendeari behar bezalako arreta emateko leku duinik izan. Jende asko kalean egoten da; beste asko gauza intimoak kontatzera datoz, eta inguruan jendea dutela kontatu behar izan dituzte euren gauzak, batere intimitate barik. Ba hori konpontzeko lauzpabost bulego egokituko ditugu orain, gehi harrera gela zabal bat", jakinarazi du parrokoak. Obra horiek ere ekainean bukatuko dituzte.
Txanda hartzea komeni
Bien bitartean, baina, handitze obra horien eraginez murriztu egin beharko dute Caritasen bulegoaren zerbitzua. Orain arte martitzen eta egubakoitz arratsaldetan zabaldu dute bulegoa; bada obrak bukatu arte egubakoitzetan bakarrik zabalduko dute (17:00-19:00). "Dena den, ahal da aldez aurretik zita hartuta gurekin egotea (egubakoitzetan bertan egin behar da hitzordua), edo gu euren etxeetara joango gara…", dio parrokoak.
Zerbitzu hobea
Era berean, hark azpimarratu du behin egoitza handituta, zerbitzua bera ere handitu egingo dutela. "Arazo edo beharren arabera antolatuko dugu. Orain arte gure zerbitzuaren erabiltzaileak batera etorri dira; hau da, euren arazoak guztiz desberdinak izan arren ere, batera etorri dira lan-poltsan sartu gura zutenak, dirulaguntza bila zetozenak… Aurrerantzean, berriz, arazoen arabera antolatuko ditugu jendeari arreta emateko egunak eta tokiak".
-----------------
Caritasen beste zerbitzuak
-Lan-poltsa Etxeko lanak egin edo pertsona nagusiak edo gaixoak zaintzeko. Iaz 200 lagun zeuden lan-poltsa horretan eta 102 sartu ziren lanera..
-Laguntza ekonomikoa Lehen arropa ematen zuten, baina dirua emanda arropa ere eros daitekeenez, orain laguntza ekonomikoa ematen dute. Iaz 150 lagun artatu zituzten.
-Ikastaroak Etxeko lanen gaineko ikastaroa abiaraziko dute maiatzean.
-----------------
Boluntarioak behar dituzte
Caritasek laster abiaraziko dituen zerbitzu berri guztiak emateko, baina, laguntasuna behar dute. “Gaur egun hamar lagun dabiltza lanean boluntario modura, baina batzuk nagusiak dira, eta gainera, zerbitzu berriak eman behar ditugunez, jende gehiago behar dugu. Dagoeneko etorri zaizkigu pare bat emakume berri lanerako gertu, baina eskertuko genuke laguntza handiago”, azaldu du Horazio Argarate parrokoak.