Errege Kopa irabazi du Iker Elortza arrasatearrak Ordiziarekin

Julen Iriondo 2012ko apirilaren 22a

El Salvadorren aurkako finaleko azken 15 minutuak jokatu ditu arrasatearrak. 3 eta 21 atzetik, gauzak zail jarri zaizkie euskaldunei, baina bigarren zati ona eginda azken minutuko droparekin irabazi dute (30-27).

 

"Zortzi urteren ostean horrelako titulu pat irabaztea oso pozgarria da; orain ospatzea besterik ez zaigu geratzen".

Horiek izan ziren Iker Elortza arrasatearrak Ordiziarekin Errege Kopako finala irabazi eta Goienari egindako aurreneko hitzak.

El Salvadorren aurka oso zail jarritako partidua irabazita gustura zen Elortza, beragatik eta orain zortzi urte taldean hartu zuen klubagatik, Ordiziagatik: "Lehenengo finala eta lehenengo titulua izan da; azken urteetan gauzak ondo ari dira egiten eta lan horren fruitua da garaipen hau".

Garaipena, nahiz eta gauzak oso zail jarri zitzaizkien ordiziarrei lehenngo zatian: "Taldea oso urduri atera da; lehen bailehen egin nahi genituen jokaldiak eta oso gaizki hasi gara".

Hasiera txarra

3 eta 21 aurreratu ziren El Salvadorrekoak lehenengo zatian. Gaztelarrak erasoan indartsu, obalaren jabe, eta Ordizia haiek geratu ezinda.

Hiru entsegu eta hiru transformazio kontra; baina atsedenaldia baino lehen iritsi zen Elortzaren taldearen lehen entsegua, eta: "Bigarren zatian taldeak sinistu egin du bere aukeretan eta erakutsi dugu zeren kapaz garen".

Arrasatearraren esanetan gakoa izan zen "dinamikoago" jokatzea: "Lehenengo zatian fase estatikoetan saiatu gara min gehiago egiten. Bigarrenean jokoa gehiago zabaldu eta hortik iritsi dira aukerak".

Laugarren entsegua egin eta 27 eta 24koarekin 65. minutuan jarri ziren aurretik markagailuan, lehen aldiz, ordiziarrak; Elortzari azkeneko minutu horietan tokatu zitzaion, hain justu, jokatzea: "Partidua aulkitik jarraitzea da litekeen gauzarik okerrena; ezer ezin egina".

Baina Arrasatekoak zelaian bizi izan zituen emozio handieneko uneak; zigor kolpe batekin berdindu egin zuten gaztelarrek bost minuturen faltan, eta partidua amaitzear zela Krollek gauzatutako drop batek eman zien garaipena Goierrikoei, 30 eta 27: "Oso hunkigarria izan da; ezin dut hitzez adierazi".

Elortzak bereziki eskertu nahi izan zuen zaleen babesa, baita Arrasatetik joandakoena ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak