Apirilaren 27tik maiatzaren 6ra Udaberriko musikaldiaren 8. edizioa egingo dute Arrasaten

Ander Monedero 2012ko apirilaren 21a

Musika jaialdi honen helburua herritarren artean musika klasikoa entzuteko zaletasuna zabaltzea da. Guztira zazpi kontzertu izango dira San Frantzisko elizan, San Juan Batailatzailearen Parrokian eta Kulturaten.  

Apirilaren 27an hasi eta maiatzaren 6an emango zaio amaiera 2012ko Udaberriko musikaldiari. Aurtengoa, musika klasikoa entzuteko zaletasuna sustatzea helburu duen jaialdiaren 8. edizioa izango da. Ekimen hau Arrasateko Udalak antolatu du Kutxaren laguntzarekin, eta jaialdiak, guztira, 22.000 euroko aurrekontua du. Emanaldiak San Frantzisko elizan, San Juan Batailatzailearen parrokian eta Kulturateko areto nagusian izango dira.

Azken urteetan bezala, jaialdia Arrasateko Musikaleko Orkestra Sinfonikoaren eta Goikobalu abesbatzaren parte hartzea izango du. Arrasateko bi talde hauek apirilaren 27an San Frantzisko elizan eskainiko dute emanaldia.

Antolatzaileek lehenengo kontzertua amu gisa erabili nahi dute, baina emanaldi hau ez da talde arrasatearrek egingo duten bakarra, izan ere, zazpi kontzertuetako bostetan herriko musikariak izango dira.
Arrasatearren parte hartze zabal horren adierazle da Perku2c perkusio taldea: Nestor Morales arrasatearrak bikoteko partaidea da eta maiatzaren 4an emanaldia eskainiko dute Kulturaten. Kontzertu honetarako Jokin Vitoria perkusio jole arrasatearraren laguntza izango dute.

Aurtengo Udaberriko Musikaldiak eskaintza zabala izango du, izan ere, orkestra sinfonikoaz, abesbatzaz eta perkusioaz aparte, Ekimende soka laukotea; Alberto Urretxo eta Marion Desjacques-Hunguel tonboi eta arpa bikotea; Urval Ensemble klarinete laukotea; Arrasate Musikaleko Txistu banda; eta Vocalia Abesbatza izango dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak