Hala, Arrasatekoak onartu digu aste barruan ez dela urduri egon, baina Palentziara iristearekin batera hasiko dela nerbioak igartzen: "Ligan El Salvadorren kontra jokatu ditugun bi partiduak irabazi egin ditugu, baina final batean edozer gerta daiteke. Dena dela, dakigun moduan jokatzen badugu, Kopa irabazteko aukera handiak izango ditugu". Hori bai, joan den astean buruan jasotako kolpea tarteko, aste barruan zalantzak izan dituzte Arrasatekoa domekan partidua jokatzeko moduan egongo den ala ez: "Ni ondo nago, eta horrenbeste urte talde honetan jokatzen egon ostean kanpoan geratzea oso gogorra izango litzateke. Nik ahal dudana egingo dut jokatzeko".
Ondo, baita ligan ere
Kopan bakarrik ez, ligan ere denboraldi oso ona egiten dabil Ampo Ordizia, joan den asteburuan Urbietan Gernikari irabazi ostean ligako finalerdietarako sailkatu dira-eta: "Taldea ondo dago, eta denboraldi amaiera honetan ditugun partidu garrantzitsu hauetan emaitza onak lortzeko asmoz. Izan ere, bigarren sailkatzen diren horiez ez da inor akordatzen, finalak irabazi egin behar dira".