Ahate deribatuen produktuei dagokienez,Ortzaizetik (Behe Nafarroa) Arnabar baserriak jarriko du saltokia. "Eurak jarri dira gurekin harremanetan interesa dutelako zuzeneko salmenta hemen egiteko. Inoiz izan dira Santamasetan, kalitate oso oneko produktuak ekartzen dituzte, eta inguruan berritzailea dela esan genezake, hemengo baserrietan ez dagoelako halakoetarako ohiturarik", azaldu du Marga Garmendia udal ordezkariak Arrasate Irratian.
Bestalde, Tafallatik landareak ekarriko ditu bizitegi batek. Berezitasun edo berritasun esanguratsuena da landare aromatikoak ere izango dituela saltzeko, ortuko eta lora landareekin batera.
Bidezko merkataritza helburu
Eta Harreman elkarteari dagokionez, bidezko merkataritzan oinarritutako eskaintza ipiniko du Seber Altube plazan. Asmoa da gure azokan lekutxoa egitea halakoei, ekonomia txikiak eta jasangarriak bultzatze aldera, bat egiten duelako hemengo azokaren helburuarekin. Badakigu bidezko merkataritzaren helburu asko daudela nekazaritzako ekoizle txikien alde, eta gure azokaren helburuetako bat ere bada zuzeneko salmentarako bideak erraztea", azaldu du udal ordezkariak.
Muina, baserritarrak
Horiez gainera, ardo ekologikoa, sukaldeko tresnak, okela ekologikoa, gazta sortak, ibarreko bizitegiko landareak, eta zela ez, azokako muina diren Arrasateko bost baserritako produktuekin osatuko dute biharko azoka, Garmendiaren esanetan. Era berean, erosleek horren gustuko duten otarren zozketa ere egingo dutela iragarri du.