MUren etorkizuna erabakiko duten hiru partiduen artean lehena, zapatuan

Xabier Urtzelai 2012ko apirilaren 19a

Edalontziak erabat beteta jarraitzen ez badu ere, joan den asteko emaitza txarrak ez du baikortasuna galtzeko nahikoa motibo ekarri. La Salleren kontrako partidura arte topera zegoen MUren edalontzia, ondo merezita, jaitsiera faseko partidu guztiak irabazi ostean Arrasateko taldeak sailkapeneko hirugarren posturaino egin zuelako salto –seguruenik lehenengo hirurek baino ez diote eutsiko kategoriari. Asteburuan La Salleren kantxan galdu ostean, berriz, euforiak beherakada txikia izan du.

Euforia beherakada hori ez da izan horrenbeste kanpoan galdu izanagatik –inork ez zuen aurreikusten partidu guztiak irabaztea– baina bai kontrario zuzenek lortutako emaitzengatik; Biok taldeak Lizuani irabazi izanak, eta Tabirakok Cenicerori, izugarri estutu du sailkapena. Hala, lider dagoen Lizuanek 23 puntu ditu, 22 Araberrik, eta jarraian hiru talde daude 21na punturekin: Mondragon Unibertsitatea, Biok Zerbitzuak, eta La Salle. Eta ezin baztertu, azkenik, Tabirako, 20 punturekin. Hau da, sei talde hiru posturengatik borrokan, eta bost jardunaldi jokatzeko. Diogun moduan, azken porrotaren ondoren sailkapeneko berdintasun horrek uxatu ditu orain arteko emaitza bikainek –bost partidu, lau garaipen– emandako feeling onak. Dena dela, bost jardunaldi geratzen badira ere, datuak eskutan, MUk datozen hiru partidutan erabakita utzi dezake etorkizuna.

Etxean jokatuko ditu bi partidu 

MUren etorkizunaren gainean baikor izateko motiboen artean nabarmenena da orain momentuan MU dela sailkapenean hirugarren postuan sailkatuta dagoena, hau da, Josu Larreategiren mutilen eskuetan dago dena, ez dute besteen emaitzei begira egoteko beharrik. 

Horrekin batera, hiru partidu garrantzitsu horietatik bi etxean izango dira, Iturripen, San Cerninen kontra, eta Biok Zerbitzuaken kontra. Eta kanpoan jokatuko dutena Durangon izango da, Tabirakoren kantxan. Hau da, hiru talde horiek dira sailkapenean MU estutzen dabiltzan hiru talde, hau da, kontrario zuzen dira, baina atzetik daude hirurak, eta hori beste abantaila handi bat da. Azkenik, talde zuri-moreak denboraldian zehar egindako lanaren fruitua jaitsiera fasean jasotzen dabiltzala ikusteak baikor izaten laguntzen du, etxean oso-oso indartsu daudelako –harmailatik taldeari bultza egitea izugarri eskertuko lukete. Hala, bihar, zapatua, 18:00etan jokatuko dute MUk eta San Cerninek, Iturripen.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak