Munduko kontalari onenak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko apirilaren 18a

Beatriz Egizabal, Mimí Barthélémy eta Alexis Díaz-Pimienta kontu kontalariak Arrasaten izango dira egubakoitzean, apirilak 20. Kulturateko areto nagusian egingo dute saioa, 19:00etan hasita.

Munduko Kontu Kontalariak jaialdiaren bitartez etorriko dira gure artera. Herri ezberdinetako kulturak ezagutaraztea da helburua, ahotsa bitarteko eta bidelagun dela. Ekimen horren baitan, hiru egunetarako emanaldiak antolatu dituzte –apirilak 19, 20 eta 21– Euskal Herriko zazpi herritan. Haiti, Kolonbia, Kuba, Frantzia eta Euskal Herri bertako artistek egingo dituzte saioak. Debagoienari dagokionean, geldialdi bakarra egingo dute: Arrasaten. Haiti, Kuba eta Euskal Herriko kontu kontalariak ariko dira gurean.

Mimí Barthéhémy

Ipuin kontalaria, antzezlea, abeslaria eta idazlea da. Haitiko hiriburuan, Puerto Principen, jaio zen, 1939an. Frantzian goi mailako ikasketak burutu zituen, eta Latinoamerika, Sri Lanka eta Ipar Afrikan bizi izan zen segidan.

Bere antzezle eta literatura lan bikainarengatik, hainbat sari jaso ditu. Irakurleen eta prentsa espezializatuaren iritziz, ahozkotasun frankofonoaren barruan, pertsonaia ospetsuenetariko bat da; Frantzian eta Haitin, "La Gran Dama del Cuento" bezala da ezaguna.

30 liburu eta zazpi CD baino gehiago argitaratu ditu eta baita lan literario pertsonalak ere.

Alexis Diáz-Pimienta

La Habanan jaio zen, Kuban, 1966an. Idazlea, repentista, ikertzailea eta irakaslea da. Idazle moduan ia literatura genero guztiak lantzen ditu eta bere lanak hainbat hizkuntzatara itzuliak izan dira.

Gaur arte, 24 liburu argitaratu ditu, poesia, ipuin, eleberri, saiakera edo haur literatura generoetan; horietako gehienak Kuban eta Espainian nazio eta nazioarteko sari irabazleak. Zine gidoiak eta antzerki obrak ere idatzi ditu.

Kuban eta Iberoamerikan, poeta repentistarik garrantzitsuenetakoa da.

Beatriz Egizabal

Ipuin kontalari ezaguna da Beatriz Egizabal lasartearra. Ikastaroekin batera, batez ere, haurrentzat eskaintzen ditu saioak, baina mundu hau helduena ere badela aldarrikatzen du; seme-alaba txikiak dituztenen kasuan, gainera, baloreak eta euskara transmititzeko ere baliogarria dela dio. Horretan urteak daramatza Egizabalek.

 

Maite Franko Santa Marinan gaur

Bestalde, gaur –eguaztena– Liburuaren eguneko ekintzen barruan, Maite Franko ipuin kontalariak saioa egingo du Santa Marinako bibliotekan. 5-8 urte bitarteko haurrei zuzendutako emanaldia egingo du, 18:00etan hasita. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak