Edurne Gonzalez: "Enpresek sare sozialetan duten euskararen erabilera anekdotikoa da"

Usoa Agirre 2012ko api. 17a, 02:00

Azkeneko hilabeteetan, sarean hausnarketa bideratu du Emun Lana Euskalduntzeko Kooperatibak enpresen sareko hizkuntzen inguruan. Hausnarketari segida emateko jardunaldia antolatu dute biharko, martitzena, Euskadi+Innovaren bidez Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Egindako hausnarketak jasotako ondorioen inguruan eta jardunaldiaz berba egin dugu Emuneko Edurne Gonzalezekin.

Ze behar ikusi zenuten enpresen sareko hizkuntzen inguruan hausnarketa abian jartzeko?

Emuneko lantalde bat, bezero zehatz batzuen kezkari erantzunez, enpresek sare sozialetan zein hizkuntza erabili behar zituzten hasi ginen aztertzen. Uste dugu edozein enpresaren kezka izango dela epe motzean eta, horregatik, arazoa orokortu eta ikerketa proiektu bat jarri genuen martxan. Uste dugu, enpresa bat sare sozialetara sartzen denean hizkuntzaren gaian pentsatu gabe hasten direla eta, ondorioz, askotan gaztelaniaz ematen dituztela lehen pausoak. Horregatik enpresak honen inguruan hausnartzea nahi dugu.

Zelakoa da enpresen hizkuntza erabilera sarean?

Uste dugu orokorrean enpresek sare sozialetan duten euskararen erabilera anekdotikoa dela. Zerbitzu enpresek euskara gehiago erabiltzen dutela ere ikusi dugu, industria enpresek baino. Gainera, esango genuke, bailara honetako enpresetan euskara gehiago erabiltzen dela beste bailara batzuetan baino, guk behintzat, adibide gehiago aurkitu ditugu Debagoienean. Bestetik, uste dugu enpresa askok ez dakitela nola jokatu, nahiz eta hasieran gaztelaniaz hasi, badakite euskara ere erabili behar dutela, baina, ez dakite nola egin.

Askotan enpresa euskaldunak izan arren, Internetera jotzerakoan gaztelaniaz jarduten da. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?

Enpresa askok Internetera jotzen dutenean ez dute hizkuntzaren gaian hausnarketarik egiten, pentsatu gabe jotzen dute bertara. Enpresak konturatu behar dira hizkuntzaren aldagaia lehiakideengandik bereizteko ezaugarri bat dela eta hori aprobetxatu beharko lukete ezberdintzeko estrategia gisa.

Egon dira zenbait ekarpen sareko hizkuntzen inguruan, zein izan dira ondorio nagusiak? Eta, horren harira, zein izan beharko litzateke enpresa baten sareko estrategia linguistikoa?

Argi geratu da irizpide orokor bat ez dagoela. Enpresek argi badute zein den euren iparra, horren arabera kudeatu beharko dituzte hizkuntzak sarean. 

Beste alde batetik, argi eduki behar dute sarean esaten denak enpresaren identitatearekin zerikusia duela: azken baten offlinean, hau da, Internetetik kanpo, eurentzat euskara garrantzitsua bada, onlinean, Interneten, ere halaxe izan beharko da. 

Lanketa egiterakoan kontuan izan beharreko batzuk hauek izango lirateke: Community Managerra edo sare sozialetako kudeatzailea euskalduna izatea; hartzailea ondo ezagutzea; emango den informazioaren helburua zein den argi edukitzea; zein sare sozialetan ari diren (Facebook, Twitter, Youtube...); eta ematen den edukia bera zer nolakoa den.

Jardunaldiak antolatu dituzue bihar Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Zer landuko duzue jardunaldiotan?

Sarean egin dugun hausnarketa osatzeko egin dugu jardunaldi hau, hain zuzen, enpresei sare sozialetarako irizpideak zehazten laguntzeko eta hausnarketa bultzatzeko. Jardunaldian hiru adituk euren ikuspuntua azalduko digute. Joseba Kamio izango da hizlari nagusia, eta Maite Goñik eta Txerra Rodriguezek Kamiori erantzungo diote. 

Bestetik, Emunek enpresei hizkuntza irizpideak definitzen laguntzeko gomendio batzuk azalduko ditu eta bukatzeko, hiru enpresatako esperientziak ezagutzeko aukera egongo da: EITB, Mondragon Unibertsitatea eta Kutxa.

Emunek eskaintzen ditu enpresendako zerbitzu linguistikoak, Interneten kasuan lanik egiten duzue?

Emunek aholkularitza integrala eskaintzen du. Beste arlo batzuen inguruan hausnarketa egin behar izaten da, Interneteko edukien inguruan ere hausnartzeko. Esan nahi dudana da, enpresako irudiaren gainean lanketarik egin ez duen enpresa batek, ez dugula uste Interneterako hausnarketarik egingo duenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak