Mikel Gonzalezek luzatu egin du 2017ra arte Realarekin duen kontratua

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko apirilaren 11

Mikel Gonzalez futbolari arrasatearrak beste lau urterako kontratua luzatu du Realarekin eta, honenbestez, 2017ra arte, gutxienez, eroango du elastiko txuri-urdina. Mikel Gonzalez pozik azaldu da kontratua sinatzeko ekitaldi ostean. Esan du nahi zuela "hemen jarraitzea"; izan ere, "gustura" baitago bere "betiko, etxeko", taldean. "Lan talde eta lan giro ezin hobeak ditugu hemen" esan du.

Mikel Gonzalezek (Arrasate, 1985, irailak 24) Realarekin zeukan kontratua datorren urtean, 2013ko ekainean, amaitzen zen. "Erraza izan da adostasunera heltzea, bi aldeek hori nahi genuelako" adierazi du Mondragoekoak.

Jokin Aperribai Realeko presidentearekin batera agertu da gaur sinatze ekitaldian, Realeko bulegoetan.

Duela aste batzuk, beste jokalari batzuk hartu zuten bide beretik jarraitu du Arrasateko atzelariak, bere betiko klubarekin kontratua luzatuta. Hain justu ere, Prietok, Zurutuzak, Elustondok… bide bera hartu zuten. Horren aurrean, zera esan du Arrasatekoak: "Etxeko klubagatik eta jokalariongatik ondo berba egiten du horrek. Realaren proiektua polita da, etxeko jokalari askorekin, oso ilusionagarria da".

180 partidu ofizial

Mikel Gonzalezek Realaren lehen taldearekin debuta egin zuen 2005-2006 denboraldian, Mallorkaren aurkako partiduan, Amorrortu entrenatzaile zela. Hain justu ere, 2005eko irailaren 17an (Mallorka 5-Reala 2). Ordutik, 180 partidu ofizial jokatu ditu elastiko txuri-urdinarekin eta bi gol sartu ditu.

Loren: "Albiste ederra Realarendako"

Loren, Realeko kiroleko zuzendaria ere pozik agertu da Gonzalezek kontratua luzatu duelako. "Harro gaude, Realarendako albiste ederra da Gonzalezen kontratu luzapena" esan du.

Lorenek esan duenez, "lehen taldean sendo dabilen jokalaria" da Gonzalez, baina gogorarazi du gaztea dela oraindik eta ziur daudela, oraindik "gorantz" egingo duela. "Mikel hemen hazi da eta gure proiektuaren oraina eta geroa da" esan du.

Realeko kapitain

Bestalde, Gonzalez pozik azaldu da Betisen aurkako azken partiduan kapitain izan zelako, eta jarraikortasunaren erakusle delako hori, baina, esan du, "anekdota" izan zela kapitain lanetan aritu izana.

Aranburu, Bergara eta Demidov

Gonzalez eta Realarendako ezinbesteko eta oinarrizkoak diren beste futbolari batzuk lotuta, orain, Aranburu, Bergara eta Demidoven etorkizuna argitzea geratzen da. Aranburuk aurtengo ekainean amaitzen du kontratua eta ikusteko dago jarraituko duen ala erretiroa hartuko duen denboraldi amaieran. Azpeitiarrak berak ere ez du argitu nahi izan zer egingo duen. Izan ere, Realak, gaur egun, etxeko erdilari on asko ditu, gazteak asko.

Halere, aurten oso garrantzitsua izan da azpeitiar kapitainaren lana eta, hainbat iturrik dioenez, Realean jarraituko du, gutxienez, beste urtebetez. Hala adostuta dute bi aldeek.

Markel Bergarak eta Vadim Demidovek 2013an amaitzen dute kontratua. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak