Orientazio eta mapak irakurtzeko ikastaroa AEDn

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2012ko apirilaren 11

Arrasateko AED elkarteak iazko azaroan abiatu zuen Elkartruk egitasmoarekin, apirilaren 28an, orientazioa eta mapak irakurtzeko aukera izango da Oxel Arrieta mendizalearen eskutik. 4 ordutako ikastaro trinkoa teoriko-praktikoa izango da eta, besteak beste, Monterronen egingo dituzten jolasen bitartez mendian noraezean ez ibiltzeko oinarrizko tailerra izango da. Apirilaren 25 bitartean eman daiteke izena.

Mahai-gainean dituzte baina, beste hainbaterako proposamenak oraindik datarik zehaztu barik dituzten arren; horien artean, argazki digitala, txalaparta, posta elektroniko eta sare sozialena eta baita oparietarako paketeak egiten ikastekoa ere. Eta datozen asteetan ere egin gura dute hasiera baten martxorako aurreikustako arnasketari buruzkoa; Maitena Aranaren eskutik, estresari eta daroagun bizitzeko modu azkarrari aurre giteko aholku eta teknika osasungarriak jasoko ditugu horretan.

Horiek guztietan izena emateko aukera dago bost euro ordainduta, 943771228 telefonora deituta edo aed@aedelkartea.com idatzita. AEDtik baina, ikastaro gehiagotarako proposamenak jaso gura dituzte, horretarako baldintza bakarra gogoa izatea dela azalduz.

2011ko azaroan abian jarri zutenetik, askotariko gaiak lantzeko aukera ematen du ekimen honek, beti ere euskaraz, egun bakarrekoak, gertukoak eta teoria eta praktika uztartzen dituenak.  Arantxa Otadui historialariak emandako artearekin lotutako bi ikastarorekin ekin zioten; irrintziak botatzen erakutsi zien Rakel Murgiondo musika adituak urte hasieran egin zuten hurrengoan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak