Sardinak, ardoa eta umore ona eguraldiari aurre egiteko, Doke txapelketan

Goiena 2012ko api. 7a, 11:12

Egubakoitz Santu egunean tradizioa da Arrasaten, elkarteen arteko Doke txapelketa jokatzea. Aurten 32. urtez egin dute eta Txalaparta taldea nagusitu da. Bigarren, Egipe sailkatu da eta, hirugarren, Herrigain.

Monterron parkearen aurreko zelaian, Kondekuan, jokatu dute aurten ere txapelketa. Herriko 16 elkarte gastronomiko aritu dira lehian. Txalapartakoak nagusitu dira, azkenean, eta finalean udaletxekoen aurka neurtu dituzte indarrak; izan ere, alkateak eta zinegotzi batzuek ere hartu dute parte lehiaketan. Hain justu ere, Azkarraga-Urizar alkateaz gain, Amaia Larrañagak eta Kepa Urteagak ere bai. Baina, diogun moduan, hauek, Txalapartaren aurka amore eman behar izan dute. Errasti eta Elkoro aritu dira Txalapartakoen izenean.

36 kilo sardina

Eguraldia ez da oztopo izan umore onez jarduteko. Gainera, 36 kilo sardina erre dituzte parte hartzaileen eta bertaratutakoen artean banatzeko. Finala galduta, udaletxeko ordezkariei tokatu zaie ordaintzea sardinak eta ardoa.

Tradizio handia du Dokeak Arrasaten. Egia da, zaila dela egun normaletan herritarrak, gazteak-eta, dokean jokatzen ikustea. Antzina egiten zuten, ordea, eta, azkeneko hiru hamarkadatan, txapelketa jokatzen da Aste Santuan.

Txanponarekin aiztoa jo

Txanponarekin, 10 metrora dagoen aiztoa jotzean datza jokoak. Gehien jotzen duenak irabazten du. Eta aiztoarekiko zenbat eta gertuago geratu puntu gehiago eskuratzen dira: aiztoa joz gero, 5 puntu; aiztoaren inguruan dagoen karratuan txanpona sartuz gero, 4 puntu; txanpona soka zuriaren gainean geratuz gero, 2 puntu; eta soka horretatik gertuen dagoen txanponak, puntu bat.

Halaxe, puntu gehien batzen dituenak irabazten du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak