Bidezko merkataritza iritsi da eskola eta fabriketara

Ubane Madera 2012ko apirilaren 4a

Harreman elkarteak Arizmendi Ikastolarekin eta Fagor Arrasaterekin elkarlanean dihardu: Arizmendiko 200 ikasletik gora bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua lantzen hasi dira, eta filosofia hori gureko lantegietara hedatzen ere ari da elkartea.

Arizmendiko 200 ikasletik gora bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua lantzen hasi dira, Arrasateko Harreman elkartearekin elkarlanean. "Joan den astean hasi ginen DBHko bigarren mailakoekin lantegiak egiten, eta batxilergora heltzeko nahia ere badugu. Elkarhezitzen elkartearekin elkarlanean gabiltzanez, Oñatin hasteko asmoa ere badugu", adierazi du Gorka Martinezek, Harreman bidezko merkataritzaren koordinatzaileak. 

Tailerrak egiteaz gainera, ikasleokin inguruko azoketan parte hartuko dutela ere iragarri du Harremaneko ordezkariak: "Arrasateko baserritarren hirugarren zapatuko azokan bagaude; eta gura dugu ibarreko azoka nagusienetan parte hartu". 

Fabriketan ere bai

Hori batetik. Izan ere, bestetik, gureko lantegietara bidezko merkataritzaren filosofia barreiatzen ere hasi da Harreman. Dagoeneko Fagor Arrasaterekin lanean dihardute, "euren kafe makinetan guk inportatutako Cafe Solidario ipintzeko, eta apirilaren amaieran, Fagorren urteko batzarrera doazen bazkideei emango dizkieten otarretan, gure kafe eta txokolate solidarioak sartu dituzte", azaldu du Martinezek. 

Kafe makinekin gauza bera egiteko Ederlanekin eta Ikerlanekin elkartuko direla kontatu du Martinezek, eta baita beste puntu batzuetara hedatuko direla ere: "Oñatiko Bidebarri vending enpresak eta Usurbilgo Euskovazza vending enpresak interesa dute gure kafea euren makinetan ipintzeko".   

Inportatzaile izango da 

Bukatzeko, Gorka Martinezek kontatu du Harremanek konpromisoa hartu duela Peru eta Ekuadorreko kooperatiba batzuekin kafe eta azukre solidarioak zuzenean inportatzeko. 

Irizpide sozialak eta ingurumenekoak

Ahalegin berezia egin gura du Harremanek bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren filosofia hedatzeko. "Jendeari helarazi behar zaio produktu bakoitzak historia jakina duela atzetik. Ez bakarrik herri pobreetatik datozen produktuek, baita hemengoek  ere, baserrietakoek, adibidez. Hausnartu beharko genukeena da ze historia egon behar den produktu bakoitzaren atzetik", kontatu du Gorka Martinezek. "Gura dugu bultzatu merkataritza egiteko beste modu bat, batzuen benefizioak bakarrik aintzat hartu barik, ingurumen irizpideak eta irizpide sozialak aintzat hartzen dituena".

Zazpi printzipiotan oinarritutako bidezko merkataritza da Harremanek aldarrikatzen duena. Printzipio ekonomikoak: soldata justua, aurrefinantzaketa (%50 ordaindu eskaera egiterakoan eta gainontzeko %50a entregatzerakoan) eta epe luzerako harremana mantentzea ekoizleekin; printzipio sozialak: lan baldintza duinak (haur zein nagusien esplotazio bakoa), genero berdintasuna eta parte-hartze demokratikoa; eta ingurumen printzipioa: ekoizpen ekologikoa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak