Darkness By Oath: "Abestiak osoagoak dira, eta gure izaera eta estiloa irudikatzea lortu dugu"

Ander Monedero 2012ko apirilaren 13a

Duela 12 urte inguru Alex eta Aritzek sortu zuten Darkness By Oath taldea. Muturreko metal doinuak egiten esperientzia zuten: Alexek Denialen gitarra jotzen zuen eta Aritzek Numen abesten zuen. Gaur egun, Diego Piñeirok, Ruben Alonsok, Tristan Iñiguezek, Asier Bilbaok eta Aritz Navarrok osatzen dute Darkness By Oath. Taldeak death metal melodiko  doinuak jorratzen ditu, eta martxoaren 23an hirugarren diskoa kaleratu zuen, Near Death Experience izenekoa.

Suediako Göteborg eskolako death metala egiten duzue. Ze desberdintasun ditu AEBetakoarekin edo death metal klasikoarekin?

Göteborg eskolako death metala, AEBetakoarekin alderatuta, melodikoagoa da. AEBetakoa teknikan oinarritzen da, abiadura du oinarri, eta Suediakoa, berriz, metalaren estilo desberdinak fusionatzen ditu; hau da, thrash eta heavy klasikoaren ukituak ditu. Gu 15 urterekin estilo hau entzuten hasi ginen eta taldea sortu genuenean argi genuen estilo honetan oinarrituko ginela.

Near Death Experience zuen hirugarren diskoa da. Zer-nolako esperientzia izan da diskoaren grabazioa.

Zenbat eta disko gehiago kaleratu, orduan era errazagoa da beste bat egitea. Hasieran, lan osoa zure esku dago; hau da, diskoa grabatu, kaleratu, kontzertuak lortu... Oso gogorra da, lan handia eskatzen du, musika egiteaz aparte, beste mila gauza dituzu egiteko. Gero, bigarren diskoa kaleratu genuenean, Alemaniako zigilu batekin kaleratu genuen eta kontzertuak lortzeko Bartzelonako management enpresa batekin fitxatu genuen. Orain, musika egitea eta kontzertu onak eskaintzea da gure lana.

Aurreko diskoa Dan Swano ekoizlearekin egin duzue. Orain, berriz, auto-ekoizketa. Zergatik?

Esperientziak asko irakasten du eta orain, nahi duguna egiteko gai garela uste dut. Lehenengo diskoan akats pilo bat egin genituen eta bigarrenean, hori ez errepikatzeko, death metala ekoizten esperientzia handia duen Dan Swano suediarrarengana joan ginen. Emaitzarekin gustura geratu ginen, baina diskoan Swanoren estiloa entzun daiteke eta guretzat garrantzitsuak ziren detaile batzuk bigarren planoan geratu ziren. Disko honetan, berriz, gure lanaren kontrol guztia izan dugu.

Zer eskaintzen du disko berriak?

Soinu aldetik aberatsagoa da. Near Death Experiece-ek death metalaren arlo gehiago jorratzen ditu: Suediako Old School soinuaren eta Göteborg eskolaren arteko nahasketa da. Abestiak osoagoak dira, bakoitzak bere izaera du eta taldearen izaera eta estiloa irudikatzea lortu dugu.

Diskoa ezagutarazteko bideoklipa ere grabatu duzue.

Aurreko diskoa kaleratu genuenean bi bideoklip egin genituen, eta, oso ondo funtzionatu zutenez, oraingoan ere bideoa egitea erabaki dugu. David Zabalak egin du bideoklipa, eta emaitzarekin oso pozik gaude.

Gaur egun bideoklipak beharrezkoak dira taldea promozionatzeko?

Bai, beharrezkoak dira. Irudiak abestia janzten du eta publikoak asko eskertzen du. Youtuben bideoklipa jarri eta bi astera 2.000 pertsonak ikusi zuten. Sare sozialek asko erraztu dute promozio lana.

Cyclon Empire zigiluarekin diskoa kaleratzeak ate asko ireki dizkizue.

Bai, diskoa Europa osoan banatu zuten, Alemanian eta Belgikan emanaldiak egiteko aukera izan dugu. Eta orain, Near Death Experience diskoarekin aurrekoarekin baino apustu handiagoa egin dute: Europan ez ezik, Euskal Herrian eta Espainian banaketa zabalagoa izango dugu.

Diskoetxe baten egoteak aukerak asko zabaltzen ditu?

Bai, diskoetxeak diskoak saldu nahi ditu, eta, horretarako, kaleratzen dituen diskoen promozio zabala egiten du, kontzertuak lotzen ditu publikoa taldeak ezagutzeko... Death metal entzuleengana iristeko aukerarik onena da zigilu batek diskoa kaleratzea. Hori bai, profesionalak ez garenez, ahal dugun guztia egingo dugu, baina guretzat ezinezkoa da bi hilabeteko bira bat egitea.

Urteak pasa ahala, death metaleko talde askorekin jotzeko aukera izan duzue.

Hasieran, gure inguruko taldeekin jotzen genuen, eta, bigarren diskoa kaleratu ostean, Dark Tranquillity taldearekin jotzeko aukera izan genuen; eta baita Alemanian eta Belgikan death metal jaialdietan ere. Taldearekin hasi ginenean, horrelako gauzak ezinezkoak ziren.

Kontzertuak jotzeko garaia da.

Bai; zapatuan lan berriaren aurkezpena egin genuen, eta, orain, ahalik eta kontzertu gehien jotzeko asmoa dugu. Oraingoz, beste bost kontzertu lotu ditugu, gehienak etxetik gertu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak