Xabier Lete gogoan emanaldi-bira abiapuntutzat hartuta, Sortuko dira besteak izeneko kantaldi zikloa hasiko dute gaur, zapatua, 19:00etan, Arrasateko Amaia antzokian. Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Pier Paul Berzaitz, Arantxa Irazusta, Petti eta Amets Arzallus arituko dira kantuan. Besteak beste, Xabier Leteren abestiak berreskuratuko dituzte kantariek, bakarka eta taldeka.
Joan den urteko ikuskizuna berritu beharra zegoela esan digu Joxeanjel Arbelaitz antolatzaileak, eta horregatik, beste ikuspegi bat izango du bigarren kantaldi zikloak: "Xabierri omen egiten zaio, baina zati batean. Kantari gazteagoak dira eta lehengo eta oraingo belaunaldien artean egiten da zubia; lehendik geratzen dira Pier Paul Berzaitz eta Arantxa Irazusta, eta horiekin batera oraingo kantari gazte onenetakoak daude". Abeslariekin batera jardungo duten musikari gehienak aurreko biran ibili zirenak dira: Asier Oleaga, baterian; Joxan Goikoetxea, musika zuzendaritzan; Xanet Arozena, gitarra elektriko eta akustikoarekin; Txema Garces, baxuarekin; Miren Zeberio, biolinarekin; eta Maider Zapirain, biolontxeloan.
Taldeko lana
Aurreko birako kontzertuekin alderatuta, kontzeptu ezberdina landu nahi izan dute oraingo honetan. Arbelaitzek esan digunez, taldeko lana izango da: "Ikuskizun kolektiboa izango da; Ez dok Amairuren antza du, talde-lana izateaz gain, kontzertuz kontzertu berritzen joango baita". Aurretik lan handia dagoela azaldu digu Arbelaitzek: "kanta batzuk bakarka abestuko dituzte, baina taldean izango dira kantu asko".
Kontzertua "oso ederra izango da", Arbelaitzen hitzetan: "Jende askoren bihotza mugituko duela uste dut; Euskal Herri euskaldun eder bat irudikatzea da helburua".
Bertso berriak
Amets Arzallus bertsolariak Letek ekarritako Foruen alde bertso-sorta eta bertso berri batzuk kantatuko ditu: "Foruen alde jarritako bertsoak XIX. mendekoak dira. Garai hartako gatazkaren kontura idazten da eta esportagarria da denboran gaur egunera. Interesgarria da gaur eguneko ikuspegitik orduko gatazkaren hitzak entzutea".
Arzallusen ustez bertsogintzari ekarpen handia egin zion Xabier Letek eta ikuspegi horretatik begiratu nahi izan dio: "Lete poeta, idazle eta kantari bezala asko famatu da eta famatuko da, baina ez nuke ahantzia utziko bere bertsogile sen hori eta bertsotarako sormen hori".
'Izarren hautsa'
Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietak Izarren hautsa abestia taularatuko du. "Euskaldunok oso barruan daukagun kantua da eta gauza asko esaten dizkigu", aitortu digu. Horrez gain, kontzerturako propio egindako abesti berri bat ere eskainiko du, Leonard Cohenen doinu batean inspiratuta eta Joseba Sarrionandiaren letrarekin. Elorrietak azaldu digunez, Xabier Leteren poesiak izan du bere lanean eragina eta igartzen da hori Ken Zazpiren zenbait kantutan ere.
'Xabier Lete gogoan' arrakastatsuaJoan den urtean Leteren omenezko kontzertuak egin ziren Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan. Besteak beste, Arantzazuko santutegian egin zuten Xabier Lete gogoan kantaldia, aretoa goraino beteta zela. Leteren abestiak interpretatu zituzten bira hartan Antton Valverdek, Pier Paul Berzaitzek, Erramun Martikorenak, Pettik eta Joxean Artzek. Bira berrian belaunaldi gazteagoaren esku egongo da Leteri egindako omenaldia. |