Udaletik nabarmendu dute herritar guztien artean antolatu behar direla jaiak. “Jendeak parte-hartzen ez badu, jaiak hil egiten dira" adierazi du Kepa Urteaga Kultura zinegotziak. Gaineratu du: "Badakigu lehen bi egunetan –San Juan bezpera eta San Juan eguna- jende askok hartzen duela parte, baina hurrengo egunetan behera egiten du parte-hartzeak. Beraz, horiek ere indartzea da nahi duguna”.
Indarrak batu
Hala, ideiak eta gogoa duen edonor animatzen dute prozesu honetan parte-hartzera Udaletik: bai norbanakoak eta baita elkarte edo taldeak ere. Gaineratu dute, elkarte eta talde ezberdinek indarrak uztartzen badituzte, ekintza erakargarriagoak antolatu ahal izango direla, eta hori dela helburua. Urteagak esan du: “Jende askok ohitura du lotura duen elkarte edo taldeek antolatutako ekitaldietara joatekoa, baina ez besteetara. Horregatik, elkarte eta taldeak batuz gero, ekintza potenteagoak antolatu ahal izango dira, eta, beraz, jai potenteagoak. Jendearendako jai erakargarriak egin behar ditugu”.
Urteagak zehaztu du badagoela San Juan komisioa, baina batez ere txosnaguneko ekintzak antolatzera bideratzen dela eta “nahi duguna da komisio horri bere garrantzia ematea arlo guztietan, ez txosnagunean bakarrik”.
Lehen bilera, apirilaren 3an
Lehen bilera apirilaren 3an izango da Kulturateko Loramendi gelan 19:00etan. Bertan finkatuko dituzte jorratuko diren gaiak eta bileretarako egutegia.