Lan fineko hamar urte

Miryam Galilea 2012ko martxoaren 30a

Lortutako hobekuntzek beldurrak eta defentsak eraman zituzten. Ikasleak zoriontsu eta arrakastatsu izatea da Herri Eskolaren helburua. Egindako azken berrikuntzak Aste Santu ondoren antzemango dira.

Orain dela hamar urte hiru eskola publiko zeuden Arrasaten: Musakola, Erguin eta Bedoñabe, bakoitza lerro bakarrekoa zelarik, baina gurasoei eskaintza hobea emateko helburuarekin bakarra egiteko apustu egin zuten, Arrasateko Herri Eskola sortuz. 

Esparru desberdinetan lan handia egin behar izan zen honetarako: administrazioarekin, delegaritza... eta honekin guztiarekin Mari Karmen Arberazen laguntza jaso zuten, gauzak aurrera eraman zituenak. Antolaketa eta pedagogia ere gai garrantzitsuak izan ziren: "eskoletako dinamikak berdintsuak ziren baino desberdintasunak ere bagenituen eta dena adostu behar izan genuen. Honetarako Luis Mari Lizandegi unibertsitateko irakasleari laguntza eskatu genion", azaltzen du Arantxa Mendarosketak, Herri Eskolako lehenengo zuzendariak. Bere aholkuak jaso eta denon artean hainbat gai adostu zituzten.

"Irakasleok ia astero biltzen ginen, delegatuekin bilerak antolatzen genituen eta jendearen iritzia jasotzen ere saiatu ginen", dio Mendarosketak. "Baina inportanteenak gurasoak izan ziren, beraiei esker eta gure alde egin zuten apostuagatik aurrera atera baitzen Arrasate Herri Eskola".

Geroztik hamar urte pasa dira eta atzera begira ideia ona izan zela aitortzen dute Herri Eskolako zuzendariek. "Lehenengo urtetan beldurrak eta defentsak egon ziren, edozein aldaketa gertatzen denean bezala, baina gauzak hobera joaten zirela ikusten hasi zenean dena lasaitu zen", dio Agurtzane Barrutiak, zuzendari ohiak.

Aldaketa ugari

Urte hauetan aldaketa txiki eta handiak egon dira Herri Eskolan eta hauetako garrantzitsuenetariko bat Goieskolak orain dela urteak bultzatu zuen proiektua izan zen, 0-2 urte bitarteko umeentzako hezkuntza eskaintza zabalduz. "Goieskolan sortu zen premia eta haurreskolako 0-2 tartea martxan jarri zuten. Momentura arte ez zegoen horrelakorik gure eskoletan eta garrantzi handiko lana izan zen", azaltzen du Barrutiak.

Bestalde, lan eta berrikuntza desberdinak egin dituzte hasieratik Herri Eskolan eta oraindik hauekin jarraitzen dute, poliki poliki eskola berrituz. Gaur egun ikasle kopuruaren gorakada dela eta ikastetxearen infrastrukturan beste antolaketa baten beharra ikusten dute Herri Eskolakoek eta honetarako delegaritza eta Udalarekin lanean ari dira. "Bien laguntza beharrezkoa genuen eta antolaketa bat egin zen, bai pedagogikoki eta baita infraestrukturari dagokionez. Tarte horretan lanak datatu genituen: batzuk epe laburrekoak, ertainekoak eta luzekoak", dio Josune Etxabe zuzendariak.

Hasieran Musakolako eraikinaren infraestruktura egokitu eta berrantolatu zuten, honetan jangela zerbitzua lehenengo aldiz eskainiz, eta aldi berean ere haurreskola jarri zutelarik... Azkeneko berrikuntzen inguruan Erguineko eraikinean, Lehen Hezkuntzarako sei gela berri egin dituzte, soinketa eremua eta aterpe bat, eta Aste Santuan egingo da lekualdaketa orain arte zeuden aurrefabrikatutako gelak kenduz. Aurrera begira, Musakolan eraikin berri bat egiteako proiektua dago, Erguineko eraikina arinduz eta zerbitzu gehiago eskainiz. "Tartean krisi garaia tokatu zaigu baina gure eginkizuna hori lortzeko lanean jarraitzea da", dio Josune Etxabek.

Gaur egungo Herri Eskolako erronka garrantzitsuena hezkuntza kalitatea hobetzea da, formakuntza eta proiektuen lanketa ahaztu gabe. "Ikasleen ongizate emozionala eta akademikoari begira, helburua bizitzan zoriontsu eta akademikoki arrakastatsu izatea da", dio Etxabek.

Goieskolak hamar urte betetzen ditu

Badira hamar urte Debagoienako Euskal Eskola Publikoen proiektu bateratua den Goieskola sortu zenetik. Honek baiarako eskola publikoak batu (hamabost ikastetxe) eta guztiek batera arazoak konpondu eta helburuak bateratzen dituen proeiktua da, proiektu honen ezaugarri nagusia aniztasuna izatea gustatuko litzaiekelarik. Momentu honetan Goieskola proiektuak 2.500 familia, 3.000 ikasle, 425 irakasle, eta irakaskuntzaz kanpoko 65 langile hartzen ditu bere baitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak