Jose Inazio Gaztañaga 'Gazta' libre utziko dute

Ubane Madera 2012ko martxoaren 30a

Auzitegi Konstituzionalak atzo, eguena,  jakinarazi zuenez, Jose Inazio Gaztañaga Gazta preso arrasatearrak Parot doktrinaren kontra ezarrita zuen babes helegitea onartu egin du, eta aske utziko dute. Salbuespena da Gaztañagaren kasua. Izan ere, berari eta beste bi euskal presori bakarrik onartu dizkiete Parot doktrinaren kontrako babes helegiteak.

Jose Inazio Gaztañaga 1988ean kartzelaratu zuten. Legearen arabera, 2006az geroztik egon beharko luke aske. Eta kalean utzi behar zuten 2006ko martxoaren 29an. Bost egun lehenago, baina, jakinarazi zioten Parot doktrina aplikatu, eta kartzelan segi beharko zuela, 30 urte bete arte; bestela esanda, 2018ko martxoaren 21era arte.

Erabaki horren kontra babes helegitea aurkeztu zuen preso arrasatearrak, beste 27 euskal presorekin batera, eta atzo zenbait komunikabidek jakinarazi bezala, bera eta beste biren errekurtsoak onartu egin ditu Konstituzionalak.

Eskubideen urraketa

Gaztañagaren kasuan, kondenaren likidazioa erabaki irmoz zuen hartuta epaileak. Eta justu hori izan da haren helegitea onartzearen oinarria: kartzelatik ateratzeko eguna epai irmo batean zehaztuta duten kasuetan ezarriko dute-eta Parot doktrinaren atzeraeraginezko izaera, zigorraren likidazioa ez betetzeak eskubideen urraketa ekarriko lukeelako.

'Parot doktrina'

Parot doktrina Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia da. Henri Parot presoari aplikatu zioten lehenengo, hortik izena. Doktrina horren bidez, kartzelan eskuratzen diren erredentzioak zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala. 76 euskal presori ezarri diete doktrina hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak